Abenduaren 5etik 8ra ospatuko ditugun San Nikolas jaien programa aste honen bukaeran iragarriko du Udalak, baina horren aurretik, egunen aurrerapena egin nahi izan du, festa- batzordearekin elkarlanean landu diren jardueren azalpen orokorra emateko.
– Ohi bezala, San Nikolas bezperan hasiko dira festak —aurten, asteartearekin—. Txupinazoa eta kontzertuak nagusituko dira egun horretan.
– San Nikolas egunean, bestetik, ohiko ekitaldiak egingo dira: Kamel Ziani Krosa, Dantza Sueltoko Txapelketa, pilota-jaialdia, gazteentzako jolasak eta bertso-jaialdia.
– San Nikolas bigarrena, ordea, parrandarako eguna izendatu du festa-batzordeak, eta egun horretan egingo da herri-bazkaria ere, kiroldegian. Hiru menu izango dira: helduena, beganoa eta haurrena; eta txartelak asteazken honetan, azaroaren 22an, jarriko dira salgai kultur etxean eta Kutixin. Antolatu senide eta lagunak ordurako!
– Ostiralarekin bukatuko dira festa-egunak, nahiz eta asteburura ere luzatuko den jai-giroa.
Aurreratu bezala, aste honen bukaeran jakinaraziko da festen programa orokorra. Adi egon!