Saregilek udazkeneko programa aurkeztu du

Irailaren 15ean zabaldu zituen ateak Saregile, Orioko Emakumeon* Etxeak, eta horrekin batera, udazkeneko programaren berri eman zuen. Ahalduntze Eskola izenburupean bildu dituzten bost tailer eta beste hiru saio jaso ditu irailetik abendura arteko egitarauak, eta izen-ematea zabalik dago online zein Saregilen bertan.

Udaberrian izandako arrakastaren ondoren, Nerea Loiolak gidatutako irakurle-taldeak martxan jarraituko du. Taldea itxita dago honezkero, eta hileko azken asteazkenetan elkartuko dira kideak Saregilen, 18:30etik 20:00etara. Hauek dira lauhileko honetarako proposatutako irakurgaiak:

  • Irailak 27: Deitora zaitzala Tigrisek (Emiliene Malfatto)
  • Urriak 25: Bihurguneko Nasa (Uxue Apaolaza)
  • Azaroak 29: Kontrako eztarritik (Uxue Alberdi)
  • Abenduak 20: Kafe tristearen balada (Carson McCullers)

Irailaren 28an hasiko da, bestetik, zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa, Saioa Baenaren eskutik. Abenduaren 14ra arte, ostegunero egingo dira saioak, 9:45etik 11:15era. Eta urrian zehar, hilaren 3tik 31ra, teknologia berrietan trebatzeko eskolak izango dira, asteartero, 16:30etik 18:30era.

Maider Oiarzabal Zigandarekin elkarlanean, bestetik, Gorputz kontzientetik mugimendu askera izeneko gorputz-adierazpen tailerra egingo dute urriaren 4tik azaroaren 22ra, asteazkenetan, 18:00etatik 19:30era. Eta urritik aurrera, baita ere, DBH4ko neskei zuzendutako hitzorduak egingo dituzte Saregilen; saio horien helburua hau izango da: 16 urte inguruko neska gazteek dituzten kezkak, beharrak, beldurrak, interesak eta abar detektatzea eta horien aurrean feminismoak eskaintzen dizkien erremintak ezagutaraztea.

Agenda

Ahalduntze-eskolez gain, hiru jarduera programatu ditu Saregilek urritik abendura, hilean bat:

– Urriak 19, osteguna: Orioko genealogia feministak dokumentalaren emanaldia, Pertzetik elkarte feministaren eskutik, 18:30ean.

– Azaroak 13, astelehena: Ahalduntze eskolek emakumeen osasunari eta autoestimuari ekarritako onurak hitzaldia, Pepa Bojórekin, 18:00etan.

– Abenduak 12, asteartea: Soilik bai da bai legearen inguruko formakuntza, Macarena Mujika Urbistondorekin, 18:00etan.

Programaren inguruko informazioa Saregileren sare sozialetan dago eskuragai.