Sheila Melconek ‘Indarkeria matxista eta erreparazio prozesuak’ hitzaldia emango du martxoaren 26an

Orioko Udala indarkeria matxistari aurre egiteko lanean ari da, herriko ehun sozial eta komunitarioa bidelagun. Nagusiki, prebentzioan (hala nola, ikastetxeetan) eta esku-hartzean ari da urratsak egiten, erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko, zerbitzuak optimizatzeko eta berbiktimizazioa ekiditeko. Prozesu horri lotuta, herritarrei zuzendutako hitzaldia emango du Sheila Melcon psikologo feministak martxoaren 26an, ostegunarekin, Salatxo aretoan, eta herritar guztiei zuzendutako saioa izango da.

Indarkeria matxistak askotariko formak ditu: fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa… eta eremu desberdinetan gertatu daiteke, hala nola, harreman sexu-afektiboetan, familian, kirol esparruan eta espazio publikoan. Indarkeria matxista emakumeak eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak menderatzeko erabiltzen den indarkeria mota da, eta bere funtzioa sistema heteropatriarkala sostengatzea da. 

Orioko Udalarentzat erronka garrantzitsua da indarkeriari aurre egiten dieten emakumeen eta euren seme-alaben erreparazioa bideratzea. Izan ere, indarkeria matxistei aurre egin dien edonork du erreparaziorako eskubidea. Alde horretatik, lehen printzipioa biktimaren behar eta eskaerak aintzat hartzean datza, eta erakundeei dagokie indemnizazioa, egiaren aitortza eta indarkeria berriro ez errepikatzeko neurriak hartu direla bermatzea.

Bide horretan, Orion hainbat urrats egin dira: alde batetik, erreparazio-prozesu bat artatze on batetik abiatzen denez, arreta eta kudeaketa hobetzeko neurriak hartu dira, nagusiki, profesionalei erreparazioaren inguruko formazioa eta baliabideak eskainiz. Bestetik, indarkeriaren erreparazio prozesuetan ehun sozial eta komunitarioak ere badu zeresana, eta erasoa gertatu den eremuan prozesu komunitarioak bultzatu dira. Bada, horietan ere, praktika onak aurkitu genitzake. 

Hitzaldia, martxoaren 26an

Sheila Melcon Sortzen aholkularitza-zerbitzuko psikologo feminista da, eta erreparazio prozesuei buruzko hitzaldia emango du martxoaren 26an, ostegunarekin, Orion. Hitzordua 18:00etan izango da, Salatxo aretoan.

Saioan erreparazio prozesuen inguruko hainbat ardatz landuko dira, besteak beste, erreparazio prozesuak zer diren eta duten garrantzia, erakundeen egitekoak, erreparazio komunitariorako ardatzak, praktika onen inguruko gogoeta, eta esperientziak.

Hitzaldi irekia izango da, eta gaian interesa duen herritar oro dago gonbidatuta.