Berdin-Berdinak elkarteak 2016ko irailean antolatu zuen aurreneko aldiz surf-saio inklusiboa, Orioko Surf Taldearen laguntzarekin. Orduz gero, elkarteak surf-saio inklusibo horren bidez ematen dio hasiera kirol-denboraldiari, urtero, Kontxako estropadaren lehen jardunaldiaren aurreko larunbatean.
Iaz ere antolatu zuen saioa, baina, azken momentuan, bertan behera laga behar izan zuen, oso eguraldi txarra tokatu zelako. Aurten ere ez dago eguraldi on-ona iragarrita, baina saioarekin aurrera egitea erabaki du elkarteak, parte-hartzaileek gogo handia dute-eta jarduera egiteko.
Urtero adin guztietako 15-20 lagun inguruk parte hartzen du jardueran, batzuk Orioko elkartekoak eta beste batzuk gonbidatuta etorritakoak: kanpineko bezeroren bat, Azpeitiko Marea Urdina elkartekoak… Horiei guztiei laguntzeko, surf-taldeko boluntario-talde handi bat juntatzen da eta, guztiek elkarrekin, goiz pasa ederra egiten dute, 10:00etan hasi eta festa-giroko hamaiketako batekin bukatuta.