Udalak bukatu du plantillako 47 lanpostu egonkortzeko prozesua

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuaren barruan, Orioko Udalak udal-plantillako 47 lanposturen deialdiak kaleratu zituen 2023ko apirilean, eta prozesuak bukatutzat eman ditu urte berriarekin batera. Guztira 43 langile egonkortu dira: horietatik %88 Orioko Udaleko langileak ziren aurretik, eta %55 oriotarrak dira.

Orioko Udalak aspaldi hasi zuen udal-plantillako behin-behineko lanpostuak egonkortzeko prozesua. 2021eko abenduaren 28an, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko 20/2021 Legea sartu zen indarrean, eta Udalak prozesua bizkortu zuen, legeak ezarritako epeak eta tasak betetzeko.

Prozesua

Lehenik eta behin, behin-behineko langileek bete izan dituzten lanpostuen artean estrukturalak zein ziren zehaztu zuen Udalak. Jarraian, lanpostu bakoitzean zein langile, zenbat denboraz eta zein egoeratan egon zen aztertu zuen, legeak ezarritako baldintzak betetzen zituzten ala ez argitzeko. Eta, horren arabera, lanpostua egonkortzeko lan-eskaintza publikoan sartu behar zen ala ez erabaki zuen.

Lanketa hori eginda, 47 lanposturen deialdia egin zuen Udalak 2023ko apirilean. Prozesuan, deialdi bakoitzaren oinarrietan jasotako merezimenduak (lan-esperientzia, ikasketak, …) egiaztatu eta baloratu dira, eta epaimahaiak osatutako zerrenden hurrenkerari jarraituz, karrerako funtzionario edo langile finko izendatu dira hautagaiak.

20/2021 Legeak xedatzen duenez, lege horretatik eratorritako egonkortze-prozesuek amaituta egon behar zuten 2024ko abenduaren 31rako, eta Udalak lortu du prozesu guztietan epe hori betetzea.

Lau plaza hutsik geratu dira

47 deialdi horien artean, lau geratu dira hutsik: gitarra elektrikoaren eta osagarrien irakasle plaza eta hiru udal-garbitzaileren plazak. Gitarra elektrikoaren kasuan, ez da hautagairik aurkeztu. Garbitzaileei dagokienez, 11 plazetatik 8 bete dira, baina hiru hutsik geratu dira hautagaiek ez zituztelako baldintza guztiak betetzen.

Datozen urratsak

20/2021 Legeak, gainera, jasotzen du administrazio publikoko langileen artean estrukturalak diren lanpostuak behin-behinean betetzen dituztenak %8tik beherakoak izan beharko dutela. Orioren kasuan, behin-behinekotasun tasa %76.5etik %24.6ra jaistea lortu du Udalak, baina ez da %8tik beherakoa izatera iritsi.

Horretarako, 2024an bost lan-eskaintza kaleratuko ditu: Obra eta zerbitzuetako brigadako arduradunaren plaza, batetik, eta lau administrari plaza, bestetik. Horrez gain, aurrera begira, langileek behin-behinean betetzen dituzten eta egiturazkoak diren lanpostuak betetzeko deialdiak egiten jarraituko du.