Atzo, otsailaren 9an, hitzarmena sinatu zuten Orioko Udalak eta Ahalduntze Eskolaren kudeaketaz arduratzen den Pertzetik elkarte feministak. Azken urteetako berdintasun-politiken ildoari jarraituz eta horien emaitza gisa, urrats garrantzitsua egingo du aurten Ahalduntze Eskolak: Orioko Emakumeen Etxeak* ateak irekiko ditu martxoan.
Formakuntzaz berdintasun-teknikariak dira Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola oriotarrak. 2019an jo zuten Udalera, faltan sumatzen zituzten berdintasunari lotutako dinamikak martxan jartzeko asmoz, eta 2020an Miriam Garcia batu zitzaien. Ordutik, herriaren eta emakumeen beharrei erantzuteko lanean ari dira.
2022ko martxoan, hain zuzen, II. Berdintasun Plana aurkeztu zuten, eta uda hasieran Emakumeen Mahaia osatzeko deialdia zabaldu zuten; jada aktibo dago mahaia, eta bertako kideak hilero elkartzen dira, herriko emakumeen beharrak eta hurrengo urratsak zehazteko. Ohiko jarduera-programa zabalarekin jarraitzeaz gain, aurrez aurreko arreta eta aholkularitza juridikoaren zerbitzua ere indartu zituzten iaz.
2023ra begira, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prestatuko dute, eta martxoan Iturriaga Jauregia Orioko Emakumeen Etxea* bihurtuko da. Datozen asteetan zehaztuko dituzte lekualdatzeak ekarriko dituen onurak eta aukerak.
Ahalduntze Eskolaren inguruko informazio guztia, haien sare sozialetan dago eskuragai.
* Izena erabakitzeke dago oraindik.