Udalak galdetegia zabaldu du 2025ean nabarmendu diren herritarren hautagaitzak jasotzeko

Iaz bezala aurten ere, Orioko Udalak ekitaldi publiko bat egingo du urtean zehar nabarmendu diren oriotarrei aitortza eta omen egiteko. Ekitaldia urtarrilean izango da, baina horren aurretik, proposamenak jasotzeko epea zabaldu du Udalak abenduaren 10era arte. 

Herri-aitortza jasoko duten oriotarren aukeraketa deialdi baten bidez arautuko da eta hemen ikusi daitezke deialdi horren oinarriak:

Proposamenak aurkezteko epea

Orion jende asko dago herriari ekarpena egiten diona, bakoitzak bere eremutik: kultura, kirola, zientzia, gizartea… Batzuk oso agerikoak dira, baina beste batzuk, berriz, isilean pasatzen dira askotan. Guztien ekarria aitortu eta omentzea izango da ekitaldiaren xedea. Herritarrek aukerak proposatu ditzakete galdetegi honen bidez.

Aurten nabarmendu diren eta omena merezi duten oriotarrak (norbanakoak edo taldeak) proposatu daitezke, eta hautagaiaren merezimenduak deskribatu beharko dira: haren ibilbidea, lorpenak, balioak… baloratzeko modukoa iruditzen zaien guztia. Merezimendu horiek ilustratzen dituzten dokumentuak ere aurkeztu ahal izango dituzte: prentsan argitaratutako testuak, argazkiak…

Mesedez, ez proposatu iaz omendutako norbanako edo elkarteak.

Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 10ean bukatuko da.

Hautagai izateko baldintzak

  • Hautagai izateko, oriotarra edo Orion erroldatutakoa izan behar da; edo, bestela, herriko kultur edo kirol-elkarteren batean ibilitakoa edo dabilena.
  • Ezin izango dira omendu izateko hautagai izan:
  • Fikziozko pertsonaiak.
  • Lehendik ere omendutakoak.
  • Hildakoak.
  • Kargu politikoak betetzen dituzten pertsonak, udalbatzarra osatzen duten kideak edo udaleko konfiantzazko karguak, egoera horretan dauden bitartean.

Aurtengo omenduak aukeratzeko prozedura

Behin hautagaiak aurkezteko epea pasatuta, mahai tekniko batek aztertuko ditu proposamenak eta, ondoren, epaimahaiak hartuko du azken erabakia eta aukeratuko ditu aurten omena jasoko duten oriotarrak.

Epaimahaia zozketaz aukeratutako herriko lau elkarteren ordezkari banak eta udal-teknikari batek osatuko dute.

Aitortza-ekitaldia

Herri-aitortza egiteko ekitaldia urtarrilaren 16an izango da, ostiralarekin, eta Udalak aurrerago emango ditu horren zehaztasunak. Ekitaldi xume bat izango da eta, bertan, herriko sortzaile batek egindako ikurra jasoko dute omenduek.