Orioko Udala III. Berdintasun Plana lantzeko diagnostikoa egiten ari da Kalaka kooperatibarekin elkarlanean. Plana osatzeko, hainbat galdetegi prestatu ditu eta, horien bidez, Udaleko langileen, herritarren eta eragileen iritziak jasoko ditu. Galdetegia betetzeko epea apirilaren 16ra arte luzatzea erabaki du orain.
Herritarrei zuzendutako galdetegiak 27 galdera ditu, eta eragileenak, aldiz, 24. Biak dira anonimoak, eta Udalak dei egiten die herritarrei iritzia ematera. Gizon zein emakume, iritzia eman nahi duten guztiek bete dezakete galdetegia apirilaren 16a baino lehen.
Jasotako erantzunen bidez, Udalak zehaztu ahal izango du Orioren egoera zein den berdintasunaren alorrean, eta herritarren beharrak identifikatuko ditu. Aurrerago, lan-saio ireki bat ere egingo da. Ondoren, ekintza-plan bat idatziko du Udalak behar horiei erantzuteko eta berdintasunaren alorrean aurrera egiten jarraitzeko.