Klima-aldaketaren ondorioak gero eta nabariagoak dira gure inguru hurbilean ere, eta gero eta maizago pairatzen ditugu muturreko fenomenoak.
Udalak, orain arte, hartu izan ditu neurriak, kasuan-kasuan, klima-aldaketaren erronkari erantzuteko; baina orain, onartu berri duen planaren bidez, neurri horiek guztiak eta etorkizun hurbil-ertainean aurreikusten dituenak dokumentu bakarrean bildu eta antolatu ditu. Gaia garrantzizkoa da eta merezi du ikuspegi global eta koherente batetik lantzea.
Udal-arkitektoak landu du txostena eta atal hauek jasotzen ditu:
- Hasteko, klima-aldaketaren testuinguruan kontuan hartu beharreko fenomeno eta gertakizunak aztertzen ditu: itsas mailaren igoeraren eragina, herrian dugun uholde-arriskua, haizete bortitzen eragina, basoen kudeaketa egokiaren garrantzia, ekaitz bortitzen eta tximisten eragina, luizien arriskua, tenperaturaren igoerak nola eragiten digun guri zein landare eta animaliei (esaterako, arratoien eta intsektuen plagak ugaritzea)…
- Ondoren, fenomeno berri horiei aurre egiteko hartu daitezkeen neurriak planteatzen ditu, kostuen aurreikuspena ere azalduta. Neurri horietako asko Udalak hartu beharrekoak dira eta beste batzuk, ordea, goragoko erakundeek (esaterako, Motondoko hezegunean egin beharreko lanak eta Oribarzar hondartza berreskuratzeko lanak).
- Bestalde, Orioko isurketak gutxitzeko neurriak ere zehazten ditu txostenak, giza jardueren ingurumen-inpaktua murrizteko helburuarekin: mugikortasun jasangarria sustatzeko jarduerak, energia-kontsumoa murriztekoak, energia ekoizteko aukeren azterketa…
Udalbatzarrak onartutako dokumentua bizia izango da, eta egokitzen joango da mementoko premiei erantzuteko.
Bide luzea
Aspaldi ari da Udala neurriak hartzen klima-aldaketak sortutako arazoei aurre egiteko, baina orain ikuspegi osoagoa landu du, erronkari tamainako erantzuna emateko.
Udalak orain arte egindakoen artean daude, esaterako:
- Euri-uren estolderian klapeta gehiago jarri dira.
- Andra Mariko zabalgunea berritzean, babes klimatikoa sortuko da, zuhaitzak landatuz eta, horrez gain, azalera berdeak ugarituko dira euri-urak drainatzeko.
- Itsaslabarretan lanak egin dira, luiziak-eta ekiditeko.
- Arratoi- eta intsektu-plagak ekiditeko tratamenduen maiztasuna ugaritu da.
- Udal-ibilgailuen flota elektrifikatzeko lehen urratsak egin dira.
- Energia ekoizteko plaka fotovoltaikoak instalatu dira udal-eraikinetan.
- …
Udalbatzarrak onartutako txostena irakurgai dago Guk Oriori atariko Ingurumenaren defentsan erronkaren orrialdean.