‘Ur bazterretik’ izeneko Hezkidetza Diagnostikoa herritarrei aurkezteko ekitaldia egingo du Udalak irailaren 19an


Orioko Udalak herriko hezkuntza-komunitate osoaren lanketa egiteko prozesua abiatu zuen iaz Eihera kooperatibarekin elkarlanean. Lanketaren helburua da herriko hezkuntza-komunitatearen mapa bat sortzea eta esparru formalean eta ez formalean dauden eragileen beharrak, hutsuneak eta erronkak identifikatzea, hezkidetzaren ikuspegitik.

Lehen urratsa herriko diagnostikoa osatzea izan da, eta horretarako, herriko eragileekin elkarrizketak eta lansaioak egin ditu Eihera elkarteak azken hiletan. Prozesu horren baitan, lansaio parte-hartzailea egin zen martxo bukaeran, ordura arte bildutako informazioa eragileekin partekatzeko eta haien ekarpenak jasotzeko. Eta saio horren ondotik osatu da Orioko Hezkidetza Diagnostikoa: Ur bazterretik.

Aurkezpen ekitaldia

120 bat orriko dokumentuaren nondik norakoak azaldu nahi dizkie orain Udalak herritarrei, eta horretarako, aurkezpen ekitaldi bat egingo du irailaren 19an, ostiralarekin. Pilliku plazan izango da, 19:00etatik aurrera, eta Eihera kooperatibako kideek gidatuko dute saioa. 

Konfiantza giroan egingo da ekitaldia, eta helburua izango da diagnostikoa egiteko arrazoiak azaltzea, prozesua nola gauzatu den kontatzea, eta bertan jasotako gako edo emaitza nagusiak plazaratzea. Gainera, topaketa aprobetxatu nahi da herritarren iritziak jasotzeko eta, elkarrekin, diagnostikoan biltzen diren gaien inguruan hausnartzeko. 

Hain zuzen, Udalak fokua jarri nahi du herritar guztiok egiten dugun baloreen transmisioan. Kontziente izan ala ez, egiten dugunak eragin zuzena du gure inguruan, eta Orioko Hezkidetza Diagnostikoaren asmoetako bat ere bada ardura horren garrantzia bistaratzea.