Uren kudeaketa-sisteman hobekuntzak egiten ari da Udala, uholdeak saihesteko 

 

Eurite gogorrek eta marea biziek gorabehera ugari sortu dituzte herrian azken asteetan. Orio errioaren bazterrean eraikita dago eta ura kudeatzeko sistemak zailtasunak planteatzen ditu, bereziki, klimaaldaketaren ondorioz gero eta maizago izaten diren euriteen ondorioz. Horregatik, sistemak nola funtzionatzen duen azaldu  nahi die Udalak herritarrei, zailtasunen jatorria ulertzen laguntzeko.

Herriko sarearen zatirik handienean saneamendusistema separatiboa dago: alde batetik, euri-urak biltzen dira eta, bestetik, ur beltzak. Euriurak Oria ibaira isurtzen dira, eta ur beltzak, aldiz, Zarauzko Iñurritza araztegira ponpatzen dira.

Euriurentzako balbulak

Euri-urak Oria ibaira isurtzen direnez, segurtasun-sistema bat dago hoditerian marea altuko egunetan arazoak ekiditeko: atzera ezineko balbulak. Balbula horiei esker, marea altuko egunetan, errioko ura ez da sartzen hodietara. Horrek ondorio bat dauka: balbula hori itxita geratzen denean, euri-urari irtenbidea mozten zaio eta, beraz, pilatu egiten da hodietan. Une horretan euri asko ari badu, euri-ur hori pilatzen joaten da hodietan, momenturen batean gainezka egin eta puntu baxuenetan kalera ateratzen den arte.

Andra Mari gunea

Andra Mariko ingurua herriko punturik baxuena da eta, ondorioz, euri-urak pilatzen hasten direnean, salbuespen gisa, ur beltzen saneamendu-sistemara bideratzen da bertan bildutako ura. Ondorioz, ur zikinekin batera ponpatzen da euriur hori Zarauzko araztegira. Salbuespenez hartutako neurria da eta ez da egokia.

Kontu hori behin betikoz konpontzeko, Udalak obra hauxe egitea aurreikusten du Andra Mari ingurua berritzeko proiektuaren barruan: inguru horretako euri-urak jasotzeko sarea deskonektatu egingo du herriko saretik eta sare horrek euri-urak ponpatzeko sistema propio bat izango du. Ponpaketa-sistema horren bidez, auzoan pilatutako euri-urak ibaiaren mailatik gora hustuko dira eta, hartara, mareagoran ere hustu ahal izango dira.

Garajeak eta eremu zaurgarriak

Herriguneko hainbat puntutan ura erraz pilatzen da: garaje batzuetan, kaleko aparkaleku batzuetan eta zenbait lokaletan. Gune horietan ponpak jarri dituzte jabeek, ura ateratzeko. Kontua da, ordea, ponpek argindarrarekin funtzionatzen dutela eta, ondorioz, euriak argindar-sarea kaltetzen badu, sistemak funtzionatzeari uzten diola. 

Hori ez da ohikoa izaten, baina gertatu daitekeen zerbait da eta, horregatik, garrantzitsua da denok horren jakitun izatea, arazoak daudenean, jatorria ulertzeko.

Transformadoreak

Kontuan izan behar da Iberdrolaren argindar-sistemako transformadore batzuk lurpean daudela, gela moduko espazio batzuetan instalatuta. Areto horiek ponpaketa-sistema propioa dute, segurtasuna bermatzeko; baina, nolanahi ere, transformadoreak bustitzeko prestatuta daude. Hala ere, aurreko astean Arrantzale kaleko transformadorea kaltetu egin zen eta horregatik joan zen argindarra hainbat orduz. Iberdrolak transformadorea konpondu behar izan zuen, argindarra berrezartzeko. 

Ondorioak

Ikusten den bezala, egoera konplexua da eta punta asko ditu. Udala jakitun da dagoen arazoaz eta neurriak hartuko ditu uraren kudeaketa-sistema hobetzeko eta klima-aldaketaren ondorioz gero eta maizago izaten diren uholdeak ekiditeko. Epe motzean aurreikusitako neurriak hauek dira:

  • Petrila luzatzea Ibai Ondo pasealekuaren punturik baxuenean, zubi azpiko pasalekuan ura sartu ez dadin marea goran.
  • Euri-urak ibaira husteko puntuen azterketa egitea eta tokian tokiko esku-hartzeak egin.
  • Gorago esan den bezala, Andra Mari auzoko euri-uren sistema herriko sistematik bereiztea eta horko euri-urak aparte punpatzea.