Urriaren 8an jarriko dira eskuragai ‘Satiro’ antzezlanerako gonbitak

Xanti Agirrezabalak ‘Satiro’ antzezlana eskainiko du urriaren 17an, ostiralarekin, kultur etxean. Saiora joateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik gonbita eskuratzea, eta horiek turismo-bulegoan jarriko dira eskuragai urriaren 8ko arratsaldetik aurrera.

Obraren sinopsiak honela dio: “Zer da satiroa? Sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia. Gizonezko lizun, likits, zantar eta haragikoia. Basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena. Ardoa edaten, jostatzen eta dantzan ibiltzen zena”.

Agirrezabala aktore azpeitiarrak mitologiako pertsonaia interpretatuko du taula gainean, eta izaki lotsagabearen paperetik, ikus-entzuleei zuzenduko zaie, haien instintu gordinenak bistaratzeko. Emanaldia 21:00etan hasiko da.