Urte osoko lanaren saria

Argazkia: Joxe Mari Olasagasti

Iritsi da, aurten ere, Kontxako bigarren asteburua, urtean zehar egindako lana erakusteko aukera aparta gure arraunlarientzat eta Orioko arraun-familia osatzen dugun guztiontzat. Herriko bi taldeek lan bikaina egin dute eta ohorezko txandan lehiatuko dira; ez zaizkie, jakina, oriotarron animoak eta bultzada faltako.

Kontxako estropadak beti pizten ditu gugan barru-barruko emozioak eta pasioa, eta oso ondo dago hori. Udaletik, nolanahi ere, herritar askok eta askok egindako lan isila nabarmendu nahi dugu denboraldiaren bukaera honetan. Izan kirolari, elkartekide, zale edo lagun, jende askoren eguneroko lana behar da aurten ere iritsi garen puntura iristeko eta Udalak herriaren esker ona adierazi nahi dizue guztiei.

Bestalde, Orio Arraun Elkarteak Kontxako lehen estropada eta gero zabaldutako mezuarekin bat eginez, Orioko Udalak beste hau ere adierazi nahi die arraunzaleei: elkar errespetatzea eta gure balioak zaintzea ezinbestekoa da kirolean eta bizitzan. Kirola garrantzizkoa da, baina are garrantzizkoagoa beti begirunez jokatzea, elkar zaintzea eta festa giro onean ospatzea.

Aupa Orio!