Urtean zehar nabarmendu diren oriotarrei aitortza egingo die Udalak Gabonetan

Orioko Udalak ekitaldi publiko bat egingo du abenduaren 28an, urtean zehar nabarmendu diren oriotarrei aitortza eta omen egiteko. Orion jende asko dago herriari ekarpena egiten diona, bakoitzak bere eremutik: kultura, kirola, zientzia, gizartea… Batzuk oso agerikoak dira, baina beste batzuk, berriz, isilean pasatzen dira askotan. Guztien ekarria aitortu eta omentzea izango da ekitaldiaren xedea (Guk Oriori atariko parte-hartze prozesuen atalean).

Herri-aitortza jasoko duten oriotarren aukeraketa deialdi baten bidez arautuko da eta hemen ikusi daitezke deialdi horren oinarriak:

Proposamenak aurkezteko epea

Aukeraketa-prozesuan, aurrena, herritarrek izango dute hitza, eta berek proposatuko dituzte herri-aitortza jasotzeko hautagaien izenak, Udalak prestatu duen formulario honen bidez:

Formularioa beteta, edozein herritarrek adierazi ahal izango du zein diren, bere ustez, aurten nabarmendu diren eta omena merezi duten oriotarrak (norbanakoak edo taldeak).

Hautagaitza proposatzearekin batera, hautagaiaren merezimenduak deskribatu beharko dituzte herritarrek: haren ibilbidea, lorpenak, balioak… baloratzeko modukoa iruditzen zaien guztia. Merezimendu horiek ilustratzen dituzten dokumentuak ere aurkeztu ahal izango dituzte: prentsan argitaratutako testuak, argazkiak…

Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 10ean bukatuko da.

Hautagai izateko baldintzak

  • Hautagai izateko, oriotarra edo Orion erroldatutakoa izan behar da; edo, bestela, herriko kultur edo kirol-elkarteren batean ibilitakoa edo dabilena.
  • Ezin izango dira omendu izateko hautagai izan:
  • Fikziozko pertsonaiak.
  • Lehendik ere omendutakoak.
  • Hildakoak.
  • Kargu politikoak betetzen dituzten pertsonak, udalbatzarra osatzen duten kideak edo udaleko konfiantzazko karguak, egoera horretan dauden bitartean.

Aurtengo omenduak aukeratzeko prozedura

Behin hautagaiak aurkezteko epea pasatuta, mahai tekniko batek aztertuko ditu proposamenak eta, ondoren, epaimahaiak hartuko du azken erabakia eta aukeratuko ditu aurten omena jasoko duten oriotarrak.

Epaimahaia zozketaz aukeratutako herriko lau elkarteren ordezkari banak eta udal-teknikari batek osatuko dute.

Aitortza-ekitaldia

Herri-aitortza egiteko ekitaldia abenduaren 28an izango da, larunbatarekin, eta Udalak aurrerago emango ditu horren zehaztasunak. Ekitaldi xume bat izango da eta, bertan, herriko sortzaile batek egindako ikurra jasoko dute omenduek.