Xabi Solanok eta Jon Garmendia ‘Txuria’k ‘Bidasoatik harago’ ikuskizuna eskainiko dute Orion abenduaren 20an

Xabi Solanok eta Jon Garmendia Txuriak hiru hamarkadatik gorako ibilbidea egin dute musikaren munduan, Etzakit, 4 itzal edo Esne Beltza taldeetan, baita bakarka ere, eta 250 abesti baino gehiagoko errepertorio zabala sortu dute. Abenduaren 20an Orion emango dute kontzertua, 19:30etik aurrera, kultur etxean, eta sarrerak bihar arratsaldetik aurrera, abenduak 12, izango dira eskuragai turismo-bulegoan.

Zuzeneko musika eta kontakizun laburrak biltzen ditu ikuskizunak, izaera literario eta musikala indartzen duen formatu intimoan. Trikitixa, gitarra eta narrazioa uztartzen ditu, eta Bidasoa ibaiari eta bi egileen tradizio artistikoari lotutako kontakizuna du ardatz. Proiektuaren izenburua, gainera, bat dator Solanok 2016an argitaratutako lan batekin, eta kultura, historia eta emoziok oinarri dituen proposamenaren abiapuntua da. 

Sarrerak, 10 euroan

Emanaldira joateko sarrerak eskuragai egongo dira bihartik aurrera, abenduak 12, turismo-bulegoan, 10 euroan. Pertsona bakoitzak gehienez 2 sarrera erosi ahal izango ditu. Hau da turismo-bulegoaren ordutegia:

  • Asteartea: 09:30 – 13:30
  • Asteazkenetik ostiralera: 09:30 – 13:30 eta 16:00 – 19: 00
  • Larunbata: 09:30 – 15:00
  • Igandea eta jaiegunak: 10:00 – 14:00