Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak datozen sei hiletako programazioaren berri eman du. Ohi bezala, eskaintza zabala prestatu dute interes, adin eta bizitzako etapa ezberdinetan dauden emakumeei zuzenduta, eta ohiko zerbitzuak eskaintzen ere jarraituko du. Ahalduntze Eskoletan eta ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago, hain zuzen, urtarrilaren 16ra arte, online galdetegiaren bidez edo Saregilen bertan.
Eskaintza oso anitza da, eta askotariko ikastaro, tailer, topagune, jarduera eta zerbitzuak programatu dira. Jarduerak bost atal nagusitan banatuta daude, horietako batzuk aski ezagunak, eta beste hainbat, berriak:
> Ahalduntze Eskolak
Ahalduntze Eskolak dira Saregileko programazioaren ardatz nagusietako bat. Atal honetan biltzen dira gorputzaren zaintza, osasuna, mugimendua, sormena, ingurumena edo musika lantzen dituzten ikastaroak. Besteak beste, zoru pelbikoa lantzeko saioak, biodantza, DJ ikastaroa, mendiko orientazio ikastaroa edota etxeko eta gorputzeko zaintza ekologikoari buruzko ikastaroa eskainiko dira datozen hiletan.
> Elkarguneak
Elkarguneek emakumeen arteko saretzea eta elkar ezagutza sustatzen dituzte, eta hainbat taldek osatu dira jada, hala nola, munduko emakumeen topagunea, amatasunak partekatzeko espazioa, irakurle taldea edo neska gazteentzako espazio feminista. Datozen saioetan izena emateko aukera zabalik dago.
> Agendako jarduerak
Programazioak, halaber, egutegi zehatzarekin antolatutako jarduerak ere biltzen ditu: hitzaldiak, mahai-inguruak, film proiekzioak, tailerrak eta bestelako ekitaldiak. Jarduera horietan hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, Indarkeria matxisten aurrean, erreparazio feminista; irrintzi tailerra; eta Zinegoak jaialdiko filmen emanaldia. Agenda zehatza hemen kontsultatu daiteke.
> Zaintzari lotutako programazioa
Abenduan iragarri bezala, Orioko Udalak zaintzari lotutako programazio zabala eskainiko du datozen hiletan. Urtarrilean hasita, Hitz egin dezagun gure zaintzaz saioak izango dira astelehenero, eta izen-ematea zabalik dago oraindik. Horrez gain, Zer gertatzen da gizonek zaintzea aukeratzen dugunean? tailerrari jarraipena emango zaio urtarriletik martxora, eta kasu honetan ere, izen-ematea zabalik dago galdetegi honen bidez. Horrez gain, Zahartzeko manerak euskal literaturan mahai-ingurua egingo da otsailean, Iratxe Retolazak gidatuta, eta martxoan Jone, batzuetan filmaz gozatzeko aukera izango da, kultur etxean.
> Zerbitzuak
Urte osoan zehar, Saregilek hainbat zerbitzu espezializatu eskaintzen jarraituko du: aholkularitza juridikoa, bidelaguntza psikologikoa, sexu-aholkularitza eta indarkeria matxistaren aurrean arreta eta bideraketa. Zerbitzu horiek emakumeen* behar zehatzei erantzuteko pentsatuta daude, eta hitzordua eskatu behar da.
Informazio gehiago, Saregileren webgunean edo sare sozialetan.
