Zabalik dago Balearen Eguneko kale-ikuskizunean izena emateko epea

2016ko kale-ikuskizunaren aurretik, jendaurrean egindako entseguko irudia (Orio GUKA).

Aurten, maiatzaren 16an Balearen Eguna ospatuko da, larunbatarekin, Orion bost urtetik behin egiten den herri mailako ospakizuna. Udala dagoeneko ari da Balearen Eguneko festa-eguna eta aurreko asteetako egitarauari forma ematen, eta 2001az geroztik ohikoa den modura, herritarrak protagonista izango dituen kale-ikuskizuna izango da egitarauko ekimen aipagarrienetako bat. Bada, gaurtik aurrera, ikuskizunean parte hartu nahi dutenek zabalik dute izena emateko epea. 

Udalak azpimarratu nahi du deialdia oriotar ororentzat irekia dela; hau da, ez dela inongo eskarmentu edota esperientziarik izan behar antzerki-munduan parte hartu ahal izateko.

Maiatzaren 16ko ospakizun-egunean herria girotzea da kale-ikuskizunaren helburu nagusia; hau da, herriatarren parte hartzearekin, ospakizun giroan, 1901ean balea harrapatu zen egun hura birsortzea. Nabarmendu behar da kale-ikuskizunean modu desberdinetan parte hartzeko aukera izango dutela herritarrek: antzerkian zuzenean parte hartuz , girotze-lanetan,…

Interesatuek aukera izango dute inskripzioa banaka, lagun-taldeka, familiaka etab. egiteko.

Izena emateko galdetegi hau bete behar da, eta epea otsailaren 9ra bitartean egongo da zabalik.

Lehen hitzordua otsailaren 10ean, kultur etxean

Kale-ikuskizunean parte hartu nahi duten herritarrek otsailaren 10ean kultur etxean izango dute lehen hitzordua, 19:00etatik aurrera, prestaketekin hasteko.  Lehen saio horretan kale-ikuskizunaren zuzendariak ezagutzeko aukera izango da, eta hurrengo asteetarako lan-dinamika azalduko zaie bertaratuei: entseguen nolakotasuna eta maiztasuna, parte hartzeko moduak, ikuskizunaren xehetasunak, kronograma…

Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizolaren gidaritzapean

Udalak dagoeneko egin du herri-ikuskizunaren zuzendariak hautatzeko prozesua, eta aurten, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola sortzaileak arituko dira proiektuaren gidaritzan. Heziketa eszenikoan, antzerki-tailerretan, sormen-laborategietan etab. eskarmentu zabala dute bi sortzaileek, eta antzerki profesionalak ekoizteaz gain, herri-ikuskizunetan ere aritu izan dira.

Zuzendaritza eta heziketa proiektuak aktore lanekin uztartzen dituzte biek, eta taula gainean ere obra desberdinetan parte hartu izan dute. Agirrezabala, kasu, iaz Orion izan zen Satiro antzezlanarekin, eta Olaizolak Troia antzerkia egin zuen hondartzan 2024ko udan Kamikaz Kolektiboko kideekin.

2016ko kale-ikuskizunaren aurretik, jendaurrean egindako entseguko irudia (Orio GUKA).