Zabalik jarraitzen du herriko hitzak eta esamoldeak bildu eta hedatzeko deialdiak

Orioko ondare linguistikoa jasotzeko asmoz, herriko gazteei zuzendutako beka-deialdi berria jarri du martxan Udalak: herriko hitzak eta esamoldeak bildu, jaso eta zabaltzeko deialdia. 18-35 urte arteko gazteek taldean ala bakarka aurkezteko aukera dute, eta aukeratzen den pertsonak edo taldeak 3.000 euro jasoko ditu, sei hilabeteko epean lana egiteko.

Eskatzaileak pertsona fisikoak izango dira, eta Orion erroldatuta egon behar ez badute ere, hori baloratu egingo da. Orioko hitzak eta esamoldeak bildu eta jasotzea izango da bekadunaren egitekoa, eta, ondoren, bilduma hori ondo antolatutako euskarri digitalean entregatu beharko dio Udalari.

Epea eta dokumentazioa

Deialdira aurkezteko epea azaroaren 6ra arte egongo da zabalik, eta hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Beka eskatzeko orria, Udalaren eskaera-orri ofizialaren arabera.
  • Eskatzailearen curriculuma, behar bezala beteta, baloratu litezkeen datu guztiak jasotzen dituena.
  • Taldeka aurkeztuz gero, taldekide guztien curriculuma aurkeztu behar da.
  • Beka-deialdira aurkezten den proposamenaren zer-nolakoak azaltzen dituen txosten ahalik eta zehatzena (gehienez, 10 orrialdekoa).

Hemen daude ikusgai deialdiaren oinarriak, eta zalantzarik izanez gero, jarri harremanetan Orioko Udaleko euskara-teknikari Jabier Zabaletarekin.