Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean, Orioko Udalak azken urteetan hainbat neurri hartu ditu herriko hondakinen kudeaketa egokitzeko.
2018 eta 2019 urteen artean, Udalak erabaki zuen herriko zabor guztien kudeaketa Mankomunitatearen esku uztea; ordura arte, errefuxuaren bilketa Udalaren ardura zen. Ondorioz, gaikako hondakinen eta errefuxuaren bilketa egiteko, Mankomunitateak sistema mistoa ezartzea erabaki zuen: alde batetik, merkatariei, ostalariei eta ekoizle handiei puntuz puntuko bilketa egiten zaie, eta, bestetik, herritarrek txartel bidezko sistema erabiltzen dute.
Erabaki horrek edukiontziak aldatzeko beharra ekarri zuen, Mankomunitateko kamioiek edukiontzi handiagoak eta albotik jasotzen direnak erabiltzen baitituzte. Horren ondorioz, Orioko Udalak lurpeko zaborrontzien guneak erabat berregokitu behar izan zituen. Gune horietako batzuk txikiagoak zirenez, ez zuten zabor mota guztiak biltzeko edukiontzientzako lekurik eta, horregatik, papera eta beira txandaka bildu dira orain arte zenbait puntutan.
Azken urteetako arazoak
Lurpeko edukiontzietan egindako moldaketek, ordea, arazo handiak sortu dituzte azken urteetan. Matxurak oso ohikoak izan dira, eta edukiontziak behar bezala hustutzen ez zirenez, gainezka egiten zuten. Horrek guztiak garbitasuna, mugikortasuna eta kaleen bizigarritasuna nabarmen kaltetu ditu.
Orioko Udala egoeraren jakitun izan da, eta duela urtebete azken saiakera egin zuen, arazoak ematen zituzten lurpeko edukiontzi guztietan konponketak eginda. Hala ere, egoera ez da hobetu.
Sistemaren eguneraketa, 2026an
Egoerari behin betiko konponbidea emateko, Udalak 2025ean herriko edukiontzi guztien azterketa sakona egin du, puntu bakoitzeko beharrak kontuan hartuta. Azterketa horren bidez, zabor-bilketa sistema eguneratuko da 2026an. Edukiontzi berrien mapa eta horien ezaugarriak berehala jakinaraziko ditu Udalak, egoera ahalik eta azkarren bideratzeko.
Azkenik, Orioko Udalak barkamena eskatu nahi die herritarrei sortutako eragozpenengatik, eta arazoa lehenbailehen konpontzeko konpromisoa berresten du.
