Orioko Udala herriko zaintzaren egoera aztertzen ari da urte hasieratik (Guk Oriori atariko Zaintza komunitarioa erronka). Lehen azterketaren eta diagnostikoaren ondoren, datozen urteetarako ekintza-plan bat (Zaintzen diagnostikoa eta Plan Estrategikoa lan-lerroa) definitzeko garaia da orain eta, horretarako, sei saio antolatu ditu urrian eta azaroan, Emagin elkartearekin eta Matia Fundazioarekin elkarlanean.
Lehen hitzordua urriaren 22an izan zen, zaintza-komunitatearekin, Saregilen. Azaroaren 5ean eta 6an beste hiru saio egingo dira leku berean. Eta hilaren 6ko bigarren bilera, 17:00etan, adin guztietako seme-alabak dituzten gurasoei edo/eta adin txikikoak zaintzeaz arduratzen diren herritarrei zuzenduta egongo da.
Saioaren helburua izango da gogoeta egitea gurasotasunaz eta honi lotutako zainketez: arduren banaketa, kontziliazioa, gure seme-alabak nola zaintzea nahi dugun… Eta gogoeta horretatik ekintza edo neurri zehatzei forma emateko tartea ere izango da.
Zaintza-zerbitzua
Guraso eta zaintzaileen parte-hartzea errazteko, Udalak zaintza-zerbitzua eskainiko du Txurrumuski elkartearen laguntzarekin. Zerbitzua behar bezala antolatu ahal izateko, interesatuek galdetegi hau bete behar dute, eta zaintza beharko duten haur/norbanakoak zehaztu.
Datozen saioak
Azaroaren 6ko saioen ondoren, hilaren 13an, asteazkenarekin, beste bi hitzordu izango dira: zainduak diren eta etorkizunean zainduak izango diren norbanakoentzako saioa, 12:00etan; eta zaintzaile profesionalentzako topaketa, 15:30ean.
Udalaren partetik, eskerrik asko zaintzaren proiektu estrategikoarekin bat egiten ari zareten herritar guztiei; zuen ekarpenak ezinbestekoak dira gaia lantzeko