‘Zaintzaren iruditeriak euskal literaturan’ saioa egingo da martxoaren 31n

Orioko Udalak herriko zaintzaren egoeraren lanketa egiten jarraitzen du eta, martxoko egitarauaren barruan, gaiari lotutako beste saio bat antolatu du: Zaintzaren iruditeriak euskal literaturan. Hilaren 31n izango da, 17:30ean, Saregilen, eta bi hizlari ariko dira: Uxue Alberdi kazetari, bertsolari eta idazlea; eta Iratxe Retolaza literatura-kritikari eta irakaslea.

Saioaren helburua da Euskal Herriko literaturak zaintzaren narratiban eta iruditerian izan duen ekarpena aztertzea. Horretarako, autoreetan eta obretan murgilduko dira, batetik, genealogia txiki bat egiteko. Eta, bestetik, literaturak errealitatearekin izan duen harremana landuko dute, zer erreproduzitu duen eta zer puskatu duen ikusteko. Amaitzeko, literaturak zaintzaren eztabaida feministari egindako ekarpena zein den aztertuko dute.

Esan bezala, Uxue Alberdi eta Iratxe Retolaza ariko dira solasean, eta Orioko Zaintza Mahaiko kideek gidatuko dute elkarrizketa. Saioan interesa duen edozeinek parte hartu dezake, eta ez da aurrez izena eman behar.