Arrakasta izaten ari da kaleko katuak antzutzeko programa

2015etik hona kaleko katu-taldeak kontrolatzeko lana egiten ari da Udala, Katu Horia albaitari-zerbitzuaren eta herriko boluntario-talde baten laguntzarekin.

‘Hartu-antzutu-askatu’ programaren bidez ari dira herriko boluntario batzuk lan hori egiten: kaleko katuak hartu, ar eta eme, eta antzutzera eramaten dituzte; boluntario horiek, gero, bizpahiru egun edukitzen dituzte katuak etxean, sendatu eta indarrak hartzeko; eta, ondoren, berriro askatzen dituzte hartu zituzten lekuan.

Katuak antzutzeko lana Katu Horia albaitari-zerbitzuak egiten du eta Udalak bere gain hartzen ditu kostuak. Azken urteotan hogei bat katu antzutu dira programa honen bitartez.

Kaleko katuei jaten emateko debekua

Udalak gogorarazi nahi die herritarrei animaliak eduki eta babesteari buruzko Udal Ordenantzaren 5 c) artikuluaren arabera, galarazita dagoela kaleko katuei jaten ematen. Baimendutako pertsonek bakarrik dute horretarako baimena, toki eta baldintza jakinetan.

Gaur egun ‘Hartu-antzutu-askatu’ programako boluntarioek bakarrik daukate Udalaren baimena, kaleko katuei jaten emateko, ezinbestekoa zaielako haien konfiantza lortzea harrapatu ahal izateko.
Boluntario horien lana errazteko, Udalak kartelak jarri ditu Goiko Kalean, kaleko katuak dabiltzan zenbait ingurutan, herritarrei gogorarazteko galarazita dutela katuei jaten ematea.

Azken lau urteotan egindako lanari esker, toki batzuetan nahiko kontrolatuta daude kaleko katu-taldeak; baina oraindik badaude talde batzuk —bereziki, Goiko Kalean eta Kofradia inguruan— kontrolatu beharrekoak.

katuak19