Ate joka da Euskaraldiaren 2. edizioa; prest dago Urola Kosta

Lankidetzan egindako bidea «emankorra izan da oso»: ia 500 entitatek eman dute izena eskualdean eta, guztira, 1.210 arigune inguru sortu dira.

Badator Euskaraldia eta 2. edizioari ekiteko prest dago Urola Kosta eskualdea. Horrelaxe adierazi dute gaur bertan Udal Elkartearen egoitzan egindako eskualde mailako aurkezpen-agerraldian. Bertan izan dira 5 herrietako Euskaraldiko dinamizatzaileak, ekimenari atxiki zaizkion entitateetako hainbat ordezkari, eta Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da 2. Euskaraldia. Helburu nagusia da herritarren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea. 2018an egindako lehen edizioan, Urola Kostako herrietan ia 9.000 lagunek hartu zuten parte.

Ariguneak berrikuntza: 1.210 Urola Kostan

Aurtengo Euskaraldiak berritasun bat dakar berarekin: norbanako bezala parte hartzeko aukeraz gain (ahobizi edo belarriprest gisa), ariketa taldean egin ahal izateko aukera. Aukera hori ariguneen bidez gorpuztuko da; hau da, euskaraz lasai aritzeko guneen bidez.

Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak gogora ekarri nahi izan du, iaz, 2019-2020 aldiko Euskaraldiaren ekinaldirako, lankidetza-hitzarmena sinatu zutela Urola Kostako Udal Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Hala, Urola Kostan proiektua sustatzeko 3 dinamizatzaile aritu dira urte osoan lanean.

Sara Saizar Zumaiako eta Getariako dinamizatzaileak hartu du hitza eskualdeko dinamizatzaile eta herrietako lan-batzordeen izenean. Saizarren esanetan, «emankorra izan da, oso, urte osoko lan-ibilbidea». Eta «berritzailea», gaineratu nahi izan du. Euskaraldiaren lehen edizioan bezalaxe, aurtengoan ere ahobizi eta belarriprest rolak izango dira ariketa sozialaren ardatz, baina Saizarrek azaldu duenez «norbanakotik kolektibora jauzi egin eta euskaraz aritzeko guneak, ariguneak alegia, izango dira oinarri. Nolabait, ariguneek bermatuko dute, uneoro euskaraz hitz egiteko aukera: bai entitateetan bertan, baita entitateek kanpora begira dituzten harremanetan ere».

Horrexegatik, «entitateak eta ariguneak izan dira azken hilabeteetako lanaren jomuga». Urola Kostan, orotara, ia 500 entitatek eman dute izena Euskaraldian; eta 1.210 arigune inguru osatu dira. Herriz herri, hauek dira datuak: Aian 24 entitateen artean 60 arigune inguru osatu dituzte; Getariako 50 entitateetan 150 arigune izango dira; Orion 72 entitatek parte hartuko dute (200 arigune); Zarautzen 237 entitatek eman dute izena eta 500 arigune inguru osatuko dira; eta, Zumaian, berriz, 112 entitate eta 300 arigune.

Parte hartzeko deia egin du Lourdes Salsamendi lehendakariak

Edozein kasutan, zifrez haratago, herriz herri «eta Euskaraldiaz haratago, aurrera begira euskararen normalizazioan benetako urratsak ematen jarraitzeko oinarri sendoak egonkortu» izana jarri nahi izan du balioan Saizarrek: «lortu dugu urte gorabeheratsu honetan eskualdeko 5 herrietan lan batzordeak sendotzea. Dozenaka euskaltzale, elkarlanean, euskararen normalizazioaren alde. Erakundeak, herritarrak, enpresak, elkarteak. Denak elkarrekin».

Elkarlanak aniztasuna ere ekarri du. Izan ere, azpimarragarria da sektore zeharo ezberdinetako entitateen parte hartzea: erakunde publikoak, osasun zentroak, ikastetxeak, komunikabideak, enpresak, alderdi politikoak, sindikatuak, tabernak eta jatetxeak, dendak eta saltokiak, kirol taldeak, kultur elkarteak, herriko eragileak…

Lourdes Salsamendi lehendakariak ere azpimarratu egin du Euskaraldiaren lan-oinarria: elkarlana. «Gure egiten dugu, urratsez urrats, euskara ahalik eta esparru gehienetara zabaltzeko helburua. Eta ildo horretan jorratu dugu bidea Udal Elkartetik, lankidetzan; elkarlanean eskualdeko 5 udalekin, Euskaltzaleen Topagunearekin eta nola ez, gizarteko hainbat eragilerekin».

Amaitzeko, Salsamendik gonbita egin die eskualdeko herritar guztiei; «Euskaraldian parte hartu dezaten». Azaldu duenez, «benetako urratsak eman nahi baditugu, ezinbestekoa da-eta herritarren aktibazioa».

Bide batez, «Urola Kostako herritar guztiei» eskerrak emateko baliatu nahi izan du agerraldia Salsamendik; COVID-19ari aurre egiteko erakutsitako kemen eta ahaleginagatik. Eta, bereziki, «elkartasuna eta erabateko babesa» adierazi die eskualdeko merkatari eta ostalarien sektore osoari. Egoerari buelta emateko Udal Elkartetik lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Norbanakoen izen-ematea

Norbanakoen izen-ematea, ahobizi edota belarriprest gisara izena emateko epea oraindik ere zabalik dago helbide honetan:

https://izenematea.euskaraldia.eus/

Telefonoz ere egin daiteke (Orioko kasuan 688 714 019 telefonora deituta). Ariketan parte hartzeko, eta txapa jasotzeko, izena eman behar da aldez aurretik.