COVID-19aren pandemiak sortutako egoera dela-eta, Udalak erabaki du aurten ere ez dituela ospatuko San Pedro jaiak. Udaleko Festa-batzordeburu Xabier Ibargurenek adierazi du «desiratzen» daudela herriko jaiak berriro antolatzeko eta kaleak festa-giroz betetzeko; baina, gaur-gaurkoz, egoerak ez duela aukerarik ematen jaiak normaltasun minimo batez ospatzeko eta Udalaren lehentasuna, betiere, herritarren segurtasuna eta osasuna zaintzea dela.
Herriko jaiak antolatzeko aurreikusita zegoen dirua kultur programa indartsu bat prestatzeko erabiliko du Udalak eta, iaz bezala, kultur ekitaldiz betetako uda izango da aurtengoa ere Orion. Aurrerago emango du Udalak horren berri.
Bisiguaren Festarik ere ez
Uztailean egin ohi den Bisiguaren Festa ere ez da izango aurten. Bisiguaren Festa eragile askoren artean antolatzen da eta horren prestaketa-lanak martxoa-apirilean hasten dira, dena ondo lotu ahal izateko. 3-4 eguneko ospakizun handia segurtasunez antolatzeko bermerik ez dagoenez, aurtengo uztailean ez da Bisiguaren Festarik izango plazan.
San Joan Berde
Harribilek baimena eskatu dio Udalari, San Joan Berde gauean antolatu ohi duen ospakizuna egiteko eta Udalak baimendu egin dio, betiere segurtasun-arau zorrotzak betetzeko baldintzarekin. Ekitaldiaren inguruko zehaztasunak lotzeko dituzte oraindik.