Orioko Udalak, aurtengo apirilaren 30ean egindako ohiko bilkuran, ikusita Udalaren diru-sarreren aurreikuspena txarra zela COVID-19ak sortutako pandemia-egoeragatik, erabaki hau hartu zuen: aurrekontuko zenbait partida «izoztea», ekitaldi ekonomikoaren eboluzioa nolakoa den ikusi arte. Horren ondorioz, besteak beste, Udalak herriko elkarteei ematen dizkien dirulaguntzak %25 jaitsi ziren eta hala jakinarazi zitzaien elkarte guztiei.
Udako diru-sarrerak, ordea (kanpinekoak eta TAO makinenak, bereziki), hasieran uste zena uste baino hobeak izan dira eta, hori dela eta, joan den urriaren 29ko udalbatzarrean Udalak aho batez erabaki zuen aurrekontu-partiden «izozte» hori bertan behera uztea eta dirulaguntzak osorik ordaintzea.
Herriko kultur, hezkuntza- eta kirol-elkarteek, beraz, oso-osorik kobratuko dituzte aurtengo dirulaguntzak, behin egindako gastuak justifikatutakoan; eta ez zaie aplikatuko hasieran aurreikusitako %25eko jaitsiera.
Udalak herriko talde eta elkarteek egiten duten lana balioan jarri nahi izan du erabaki horren bidez, gure elkarteak oso inportanteak dira-eta Orioko gizarte-sarea ehuntzeko.