Bisigua Orio Estilora jaialdiak gastronomia eta aisialdia uztartuko ditu

Orain arteko edizio guztietan bezala, Bisigua Orio Estilora jaialdirako Udalak egokitu duen Herriko Plazako “jatetxea” beteta izango da. 1.000 txartel jarri dira salgai guztira bost otorduetarako, eta denak ahitu dira. Udalak adierazi duenez, “Ezin dugu jende gehiago hartu, batez ere bi arrazoiengatik: batetik, Orioko plazak espazioa mugatua duelako, eta bestetik, zerbitzuaren kalitatea bermatu nahi dugulako, eta 200 mahaikidetik gora kalitate hori ezingo genuke bermatu”

Otorduetarako txartelak ahituta egonagatik ere, Orioko Udalak “herrira etortzeko” gonbita egin die inguruko herrietakoei eta bisitariei, Bisiguaren Festaren programak aukera ugari ematen dituelako, gastronomia eta aisialdia uztartzeko: “Orion edozein izango da ongi etorria. Bisigua Orio Estilora jaialdirako osatutako egitaraua guztien gusturakoa izatea espero dugu. Horretan ahalegindu gara behintzat, adin tarte zabala hartzen duen egitaraua prestatzea izan baita gure helburuetako bat”.

Lau eguneko programan, nola ez, pisu handia izango dute ekitaldi gastronomikoek: herriko tabernariekin elkarlanean antolatutako pintxo-pote zirkuitua, Orioko elkarte gastronomikoen arteko bisigu lehiaketa, hegaluze errea, marmitako erraldoia…

Gastronomiaz gain, bestelako ekitaldiak ere izango dira; besteak beste, udaleku irekietako haurren marrazkien erakusketa edota igandean Oria Ibaian egingo den KAE 1 ligako estropada.

Inaugurazio ekitaldia

Bisigua Orio Estilora jaialdiaren 9. edizioa ostegunarekin hasi zen. Jaialdiaren irekiera arratsaldeko 20.00etan izan zen eta parilleroak izan ziren protagonista: Katxiña jatetxeko Joxe Miel Zendoia, Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga eta Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola. Ekitaldian parte hartu zuten Egunsenti otxoteak, Pello eta Nikolasa erraldoiek eta Harribil dantza taldeak. Horiez gain, bertan izan ziren Jose Angel Zaldua, herriko alkatea, eta Lourdes Salsamendi, Kultura eta Turismo Batzordeko presidenteak eta alderdi guztietako ordezkariak.

Aurreko edizioan hasitako ekimenarekin jarraituz, aurten ere, Bisiguaren Laguna oroigarriak banatu dira inaugurazio ekitaldian. Xixario eta Katxiña erretegietako emakumeak, Lucia Garcia, Pilar Etxezarreta eta Mari Carmen Atxega omendu ditu Udalak, batetik,, eta Richard Oribe igerilari donostiarra, bestetik.

Lourdes Salsamendik omenduen merituak zerrendatu ditu. Xixario eta Katxiñako emakumeekin hasi da: “Xixariok 50 urte bete berri ditu apirilean, ibilbide oso oparoa eginez. Bertan urte askotan itzalean lan egiten aritu den eta ari den Lucia Garcia arrakasta horren parte da, zalantzarik gabe, eta aitorpena merezi du. Ildo berean, Katxiña erretegia bere 37. urteurrenean murgilduta dago eta horien ibilbidea ere txalotzekoa da. Bertan aritzen diren Pilar Etxezarretak eta Mari Carmen Atxegak omenduak izateko meritu nahikoa egin dute, hasiera-hasieratik egon baitira gau eta egun, lanean. Ezkutuan lanean aritu diren emakumeei esker erretegi horiek iritsi dira gaur egun direna izatera”.

Igerilari donostiarra goratu du jarraian: “Ritxar Oriberen kirol ibilbidearen inguruan orain arte esandakoaz gain, ezer gutxi esan daiteke, ikaragarria delako. Kirol munduaz haratago helaraztea lortu duena nabarmendu nahi dugu. Inspirazio iturri da guztientzat, eredua, energia positiboa helarazten duen pertsona. Berarentzat ez dakit, baina guretzat ohorea da Bisiguaren Laguna oroigarria ematea”.

Inaugurazio ekitaldia amaitu bezain laster zabaldu zen “jatetxea”. Ordurako hiru parrilleroek eta laguntzaile taldeak prest zeukaten guztia. Honako hau izango da menua bost otorduetan:

  • Munduate piperrak (Ibarrako piperrak)
  • Jabugo urdaiazpikoa
  • Tomate entsalada hegaluzearekin
  • Sartagudako zainzuriak
  • Bisigua, parrilan erreta
  • Postrea, edaria eta kafea

PROGRAMA

Uztailak 14, osteguna

20:00 Aurkezpen ekitaldia

  • Egunsenti otxoteak, Pello eta Nikolasak eta Harribil dantza taldeak parte hartuko dute.
  • Pintxo txikiteoaren inaugurazioa
  • Parrilleroek plaza inauguratuko dute.

20:00 Saizar sagardoaren dastatzea plazan.

21:00 Afariak.

Uztailak 15, ostirala

12:00 Udaleku irekietako haurren marrazkiekin erakusketa.

20:00 Saizar sagardoaren eta eta Ataungo talogileak plazan.

21:00 Afariak.

Uztailak 16, larunbata

11:00 Saizar sagardoaren eta taloen dastatzea plazan.

12:00 Bisigu lehiaketa Orioko elkarte gastronomikoen artean herriko plazan.

12:00 Hegaluzea parrilan Eusko Labelen laguntzarekin –razioak salgai, 2 €–.

13:00 KAE ligako 9. Estropada Oria Ibaian.

14:00 Bazkariak

20:00 Saizar sagardoaren eta Ataungo talogileak plazan.

21:00 Afariak.

Uztailak 17, igandea

12:00 Saizar sagardoaren dastatzea plazan.

12:00 Marmitakoa Herriko plazan –razioak salgai 2 €–.

14:00 Bazkariak.