Gaur aurkeztu dute Udaleko ordezkariek aurtengo Bisiguaren Festaren programa, eguerdian elizako zimitorioan egindako agerraldian. Bertan izan dira Anuska Esnal Oliden alkatea eta Bakartxo Oliden zinegotzia, EH Bilduren izenean; Lourdes Salsamendi, EAJren izenean; Ana Priede, PSE-EEren izenean; eta Jose Angel Iparragirre, Orain taldearen izenean. Han ziren, baita ere, Katxiña erretegiko Joxe Miel Zendoia, Xixario erretegiko Luis Mari Uranga eta Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola parrilleroak.
Aurtengoa Bisiguaren Festaren 12. edizioa izango da eta honako hau da berrikuntzarik nabarmenena: orain arte lau egunez egin izan da; baina Udalak aurten erabaki du hiru egunetara mugatzea: ostiralean hasi eta igandean bukatu.
Ana Mari Manzisidor eta Martxelo Manzisidor zena omenduko dituzte
Urtero, Bisiguaren Festaren inaugurazioan, omenaldia egiten zaio herritarren bati, eta aurten bi pertsona hauek omentzea erabaki du Udalak, aho batez: Ana Mari Manzisidor eta bere anaia Martxelo, orain dela urte batzuk hil zena. Ana Marik Bisiguaren Laguna oroigarria jasoko du, beraz, uztailaren 12ko inaugurazio-ekitaldian. Omenaldi horren bidez, Udalak eskertu nahi die “beharrean egokitu direnen alde horrenbeste urtetan musu-truk eta isil-isilik egindako lana”.
Gastronomiaz harago: herriaren nortasuna eta tradizioa
Anuska Esnal alkateak hau adierazi du, festaren helburuei buruz: “Gure asmoa da herriko arrantza giroa omentzea; hau da, gure herriaren nortasunetik eta tradiziotik abiatuta antolatzea jaia, gastronomiaz harago”. Bertan esan duenez, “Oriok lotura estua du itsasoarekin; herri arrantzalea gara, eta horrek izaera berezi bat eman digu, munduan egoteko modu bat, arrauna bizitzeko era berezi bat… Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa estilo propio horren erakusleihoa izango da”.
Menua
Bisiguaren Festaren barruan egingo diren lau otorduetako menua hau izango da:
- Lodosako zainzuriak
- Tomate eta hegaluze entsalada
- Bakailao kokotxak saltsa berdean
- Bisigua, parrilan erreta
- Postrea
- Kafea eta edaria
Lau otorduetako tiketak ahituta daude dagoeneko. 55 eurotan saldu dira Turismo Bulegoan eta oso egun gutxitan bukatu dira.
Otordu horiez gain, ohiturari jarraituz, marmitako herrikoia prestatuko dute larunbat eguerdian elkarteetako boluntario batzuek, eta, bestalde, Eusko Labeleko parrilan erretako hegaluzea dastatzeko aukera izango da igande eguerdian.
BISIGUAREN FESTAREN PROGRAMA
Bisiguaren Festa uztailaren 12tik 14ra bitartean egingo da Orioko Plazan eta hau izango da programa:
Uztailak 12, ostirala
20:00 Aurkezpen ekitaldia Herriko Plazan. Salatxo abesbatzak, Pello eta Nikolasak eta Harribil dantza taldeak parte hartuko dute. Parrilleroek plaza inauguratuko dute. Aurten hauek izango dira omenduak: Ana Mari Manzisidor eta Martxelo Manzisidor zena, beharrean egokitu direnen alde horrenbeste urtetan musu-truk egindako lanagatik.
20:00 Petritegi sagardoaren dastaketa.
21:00 Afaria.
Uztailak 13, larunbata
12:00 Petritegi sagardoaren dastaketa
12:00 Marmitakoa Herriko Plazan. Razioak salgai 2 eurotan.
14:00 Bazkaria
19:30 Lau bertsolari eta ziaboga bat bertso-saioa Herriko Plazan. Amets Arzallus, Jon Maia, Sustrai Colina eta Alaia Martin. Gai-jartzailea : Unai Elizasu
20:00 Petritegi sagardoaren dastaketa.
21:00 Afaria.
Uztailak 14, igandea
12:00 Bisigua erretzeko lehiaketa Orioko elkarte gastronomikoen artean Herriko Plazan.
12:00 Petritegi sagardoaren dastaketa
12:00 Hegaluzea parrilan (Eusko Label). Razioak salgai 2 eurotan.
14:00 Bazkaria.