Dagoeneko guztiz bukatuta daude Udalak Mendibeltz futbol eta softbol zelaian belar artifizial berria jartzeko egin dituen lanak. Fielturf-Poligras enpresak egin ditu, Udalak deitutako lehiaketa publikoa irabazi eta gero. Irailaren 8an hasi ziren lanak eta urriraren 30ean bukatu ziren. Azaroan azken xehetasunak bukatzen aritu dira eta FIFA homologazioa lortzeko probak egin dira.
Obren aurrekontua, adjudikatu zenean, 300.106,52 eurokoa zen. Gero, zenbait lan gehigarri ere egin dira eta, azkenean, 323.286,70 eurotan likidatu da obra. Beraz, egindako lan gehigarri horiekin, % 7,7 handitu da kostua.
Lan gehigarriak
Egin diren aparteko lan gehigarri nagusiak hauek izan dira:
- Ureztagailu guztiak berritu dira (guztira, 7)
- Drenaje perimetraleko saretak berritu dira
- Hautsitako sare perimetrala berritu da eta softboleko oinarriak eta babesak ere bai
Aurreko belar artifiziala 2006an jarri zen eta, beraz, 14 urte iraun du.
Udalak, bestalde, zelaia itxita zegoela aprobetxatuz, konponketak egin ditu harmailetako kristalezko sabaian eta barandak jarri ditu, ikusleen segurtasuna hobetzeko.