Eman izena Mintzalagun programan!

Euskaraldia pasatu berri da eta herritar batzuek aldatu dituzte beren hizkuntza-ohiturak. Ondorioz, euskaraz gehiago hitz egiten dute orain; zenbaitetan, ordea, lotsa galdu eta hitz egitera animatu den horrek ez du inguru euskaldunik eta, beraz, nekeza egiten zaio euskaraz bizitzea.

Mintzalagun programa, euskara praktikatzeko

Zailtasun horri aurre egiteko sortu zen Mintzalagun egitasmoa, euskara praktikatu nahi duenak, astean behin, mintzatzeko aukera izateko. Hortaz, bultzadatxo hori behar duena baldin bazara edo inguruan behar hori duen inor ezagutzen baduzu, joan Orioko AEK euskaltegira eta eman izena Mintzalagun programan. Era horretan, astean behin, lagun-talde txikian elkartu eta ordubetez euskara praktikatu ahal izango duzu doan.

Euskaraz ondo egiten baduzu eta praktikatu nahi dutenei lagundu nahi badiezu ere eman dezakezu izena. Astean ordubete dedikatu beharko diozu, besterik ez, eta erraz eta atsegina da.

Izen-ematea

Izena eman nahi baduzu, urolakosta@aek.eus helbidera idatzi, 625 485 215 telefonora deitu edo eskualdeko euskaltegiren batean galdetu.