Orioko arraun taldeak eta herritarrak zoriondu nahi ditu Udalak atzo Kontxako Banderaren bigarren igandean izandako jarrera eredugarriagatik.
Argazkia: Karkara – Arnaitz Rubio.
Azkenean, ezin izan zen. Oriok ez zuen Kontxako Bandera ekartzea lortu estropaden bigarren jardunaldian. Hala ere, atzoko egunak utzi zigun “argazkia” ospatzeko modukoa da eta, batez ere, eskertzekoa.
Alde batetik, gure arraun taldeak zoriondu nahi ditu Orioko Udalak, bai emakumezkoenak, bai gizonezkoenak. Mendeak daramatzagu arraunean. XV. mendean egiten genuen eta gaur egun ere egiten dugu. Eta, noski, horrela jarraituko dugu datozen hamarkadetan ere. Gure aurreko eta ondorengo belaunaldien ondarea delako, odolean daramagulako eta itsasora ateratzen garen bakoitzean horrela erakusten dugulako. Eta hala geratu zen agerian bai atzoko egunean, bai aurreko igandean.
Bi jardunaldi horietan, zerbait oso garrantzitsua lortu zen: beste behin ere denak batera arraunean egitea, talde-lanaz gozatzea, eta ilusiorik handienarekin tituloaren alde elkarrekin aritzea. Eta, noski, alderik politena: gure taldeen arteko errespetua eta miresmena. Horrek ere “eguneko irudia” ekarri zuen, zalantzarik gabe: neskek mutilei sortutako korridorea, eta alderantziz. Horregatik guztiagatik, gure taldeek transmititzen dituzten balioengatik, zorionak eman nahi dizkiegu.
Gainera, gure herritarrak ere zoriondu nahi ditugu atzoko jarrera eredugarriarengatik. Eskerrik asko Udal honen deia errespetatu eta kontuan hartzeagatik eta, besteak beste, segurtasun-protokoloan ezarritako segurtasun-neurriak betetzeagatik. Eta eskerrik asko, noski, gure taldeei erakutsitako errespetuagatik eta emandako harrera beroagatik.
Arraunlarien eta zaleen jarrera bikaina. Hori da gure saria.
Mila esker eta aupa Orio!