Eskualdeko herriek hizkuntz politika bateratua aplikatu nahi dute

Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten herriek (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiak) bateratu egin nahi dute hizkuntz politika eta, hartara, irizpide berberak aplikatu euskararen erabilerari dagokionez.

Horrela, eskualdeko udalek sendotu egin nahi dute euskararen erabilera normalizatzeko orain arte egindako bidea eta oinarriak jarri, bide horretan aurreratzen segitzeko.

Hori dela-eta, Orioko udalbatzarrak, 2012ko martxoaren 28an egindako ohiko bilkuran, bat egitea erabaki zuen Urola Kostako Udal Elkarteak proposatutako hizkuntz politika orokorrarekin. Udalbatzarrak aho batez hartu zuen erabakia.

Udalak onartutakoa dekalogo bat da, eskualdeko gainontzeko herrietan ere onartzeko aurkeztuko dena.

Erabakiaren testua honako hau da:

Urola Kostako Udal Elkartearen hizkuntza politika orokorra

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek eta udal horiek osatzen duten Urola Kostako Udal Elkarteak honako hizkuntza politika orokor hau onartzen dugu:

1.- Euskara da gure udalerrietako berezko hizkuntza.

2.- Administrazio publiko gisa, gure egitekoa da euskararen erabilera normalizatzea, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea eta hurrengo belaunaldiei eskaintzea.

3.- Udal zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeaz gain, geure egiten dugu gure lurralde eremuan alor guztietan euskararen erabilera normalizatzeko helburua. Hori lortzeko erabaki eta irizpide bateratuekin jokatuko da.

4.- Udalen eta Udal Elkartearen zerbitzu eta lan hizkuntza euskara izango da, bai ahoz, bai idatziz.

5.- Herritarrei lehen hitza euskaraz egingo zaie eta beraiek hizkuntza aldatzen badute, orduan, beraiek aukeratutako hizkuntzan erantzungo zaie. Modu berean, hartzaile jakinik gabeko argitalpen, errotulu, eta udalen mezuak ere ahal dela, euskara hutsean egingo dira. Bestela, euskara lehenetsiko da.

6.- Udalen eta Udal Elkartearen arteko harremanak (ahoz nahiz idatziz) euskaraz izango dira eta Euskal Herrian kokatuta dauden administrazioekiko harremanak, ahozkoak nahiz idatzizkoak, euskara hutsean izatera joko da. Era berean, enpresekin, hornitzaileekin eta udalentzat lan egiten duten gainerako sozietateekin ere, harremanak euskara hutsezkoak izatera joko da.

7.- Udaletan nahiz Udal Elkartean egiten diren langileen kontratazioetan, lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharko du langileak.

8.- Udaletan nahiz Udal Elkartean egiten diren era guztietako kontratazioetan hizkuntza baldintzak ezarri eta betearaziko dira; gauza bera egingo da elkarteei ematen zaizkien era guztietako diru-laguntzetan ere.

9.- Jendaurreko ekitaldietan euskara erabiliko dugu, eta ele bitan izan behar duten kasuetan, euskara lehenetsiko dugu.

10.- Hizkuntza politika orokor hau garatzeko udal bakoitzak eta Udal Elkarteak hizkuntza irizpide zehatzak landu, onartu eta moldatuko dituzte.