Orioko Udalak parte hartzeko prozesu bat antolatu du, berrikusten ari den HAPOan (Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean) emakumeen* ikuspegia txertatzeko. Prozesu horren barruan, hainbat formakuntza- eta partaidetza-saio prestatu ditu, herriko eragileekin eta Udaleko teknikari eta zinegotziekin gaia lantzeko.
Hirigintza arloan hartzen diren erabakiek guztion bizimoduei eragiten diete, baina askotan erabaki horietan ez dira maila berean jartzen biztanle guztien beharrak. Hori ekiditeko, eta feminismoek erakutsitako bidetik, gai hauek bistaratu eta txertatu nahi ditu Udalak HAPOan:
- Segurtasuna eta babesa espazio publikoan.
- Zaintza-lanak eta zaintzaren mugikortasuna.
- Denboraren kontziliazioa eta erantzunkidetasuna.
- Etxebizitza eta ekipamenduak genero-ikuspegitik.
Gai horiek lantzeko, hiru parte-hartze saio hauek egingo ditu Udalak, kultur etxean:
- Urriak 26, astelehena: HERRITARREN MAHAIA, hirigintzan baino gehiago, Orion bizitzen adituak behar ditugulako.
- Urriak 27, asteartea: EMAKUMEEN* MAHAIA Berrikusten ari den HAPOan genero-ikuspegia txertatzeko irizpideak osatzeko.
- Urriak 28, asteazkena: ZAINTZA-, AUTONOMIA- ETA HEZKUNTZA-MAHAIA. Desgaitasunak dituztenen, adinekoen, zaintzaileen, gurasoen, hezitzaileen… begiradak hirigintzan.
Bizi dugun egoerak ez du uzten bilera jendetsuak egiten eta, horregatik, Udalak arlo bakoitzeko elkarte eta erakundeei egin die prozesuan parte hartzeko gonbita. Nolanahi ere, saioak irekiak dira eta edozein interesatuk dauka parte hartzeko aukera, baina, hori bai, aldez aurretik izena eman behar du kultur etxera deituta (943 134 409).