Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia, 2012ko urriaren 16an. Izendapenak balioko du babes maila handiagoa emateko itsasadar guztiari.
Oriaren itsasadarrarekin batera, beste 13 ibai eta estuario ere izendatu ditu Jaurlaritzak babes bereziko eta, horiez gain, mendi eremu batzuk ere bai: Arno, Izarraitz, Pagoeta, Garate-Sta. Barbara eta Ernio-Gazume.
Jaurlaritzaren dekretu horren helburua da eremu horietako habitat naturalak mantendu eta berreskuratzea eta, horrez gain, beren etorkizuna bermatzea.
Prozesu luzea
Erabaki horretara iristeko prozesua luzea izan da.
- 2003an izendatu zuten Oriaren itsasadarra Europako Natura 2000 sarearen barnean Garrantzi Komunitarioko Leku, zeukan balio ekologiko aberatsagatik.
- 2010.urtean Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun Sailak, balio horiek aztertzen hainbat urte eman ondoren, prozesu parte-hartzailea jarri zuen abian ?bertan parte hartu zuten, besteak beste, Herrio natur taldeak, Orioko Surf taldeak eta Orioko bi zinegotzik?.
- 2011. urtearen hasieran Babes Bereziko Eremua izateko proposamena aurkeztu zuen Jaurlaritzak eta, 18 hilabeteren ondoren, izendapena eman dio.
Motondo berreskuratzeko bidean
Oriaren itsasadarraren Babes Bereziko Eremuaren barruan dago Motondo ingurua ere. 2010. urtearen bukaeran Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 254.000 euroko diru-laguntza eman zion Orioko Udalari eremu hori berreskuratzeko. 2012ko azaroaren 16an, berriz, Orioko Udalak egindako diru-laguntza eskaerari erantzunez, Ingurumen Sailak erabaki du proiektu horrentzat beste 116.000 euro ematea.
2011ko urrian Orioko Udalak Aranzadi zientzia elkarteari adjudikatu zion Motondo berreskuratzeko proiektuaren idazketa. Ordutik hona, Aranzadik Motondoren natur-balioen azterketa egin du eta, oinarrizko exekuzio proiektua eginda duten arren, exekuzio proiektu orokorra idazten ari dira orain. Bitartean, abenduko hirugarren astean, parte-hartze prozesuak lehenengo faseari ekingo dio.
Parte-hartze prozesu horren barruan egingo dute proiektuaren aurkezpena eta, horrez gain, Euskal Herriko eta Espainiako adituen hitzaldiak antolatuko dituzte Orioko kultur etxean. Urdaibaira eta Motondora ere irteerak egingo dituzte abenduko asteburuetan. Egitarau osoa datozen egunetan emango du ezagutzera Aranzadik, Orioko Udalarekin batera.
Uraren Euskal Agentziak (URA) ere interesa agertu du proiektua bultzatzeko, Udalarekin elkar lanean. Elkarlan hori gauzatzeko hitzarmen bat sinatuko dute URAk eta Udalak.