Euskal Telebistako «Herri txiki, infernu handi» saioak Oriori eskainitako programa grabatzen ari da herrian egun hauetan. Dagoeneko grabatuta dauzkate elkarrizketak zenbait herritarrekin eta abenduaren 28an, astelehenarekin, grabazio horiek proiektatuko dituzte udal-pilotalekuan.
Telebista-saioaren aurkezleek bideratuko dute ekitaldia: Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik, eta Sebastian Lizaso bertsolariak ere parte hartuko du.
Proiekzioa 18:30ean izango da eta, bertaratzeko, gonbita beharko da. Gonbitak dagoeneko banatuta dauzkate.
Data-aldaketa
Hasiera batean ekitaldia gaurko egunez zen egitekoa, abenduaren 17an, baina atzeratu egin dute eta, esan bezala, datorren astelehenean egingo da, abenduak 28. Gonbita aldatu beharrik ez dute izango gonbidatuek, eta daukatena erabili ahal izango dute, nahiz data okerra izan.