Igandean Mintzodromoa antolatu du Orioko AEK-k, Korrika Kulturalaren barruan

Aurtengo Korrika Kulturalaren barruan Mintzodromoa izango da martxoaren 19an Herriko Plazan, 12:30ean hasita. Mintzodromoan elkarrizketa-taldeak osatzen dira euskara ikasten ari direnen eta euskaldun zaharren artean, elkar ezagutzeko aukera izateko eta euskara lasai praktikatzeko gune bat eskaintzeko.

Orioko euskaltegian ikasle asko ari da azken bi urteotan ikasten eta horiek parte hartuko dute batez ere. Nolanahi ere, ekimena irekia da eta AEK-k animatu egiten ditu herritar guztiak parte hartzera.

Euskaldun zaharrekin harremana izatea oso ondo etortzen zaie euskara ikasleei, beren euskara aberasteko eta horretarako antolatzen da Mintzodromoa, besteak beste.

Korrikaren aldeko kuestazioa eta material salmenta

Mintzodromoarekin batera AEK-k kuestazioa egingo du, Korrika antolatzeko gastuetarako dirua biltzeko. Horrez gain, aurtengo Korrikaren materiala ere salgai izango da plazan: jertseak, kamisetak, poltsak, txiskeroak…