Jarduera ugari antolatuko dira aurten Arraunetxen, errioaz gozatzeko

Arraunetxean antolatzen diren uretako jarduerak Begi Bistan enpresak kudeatzen ditu, Udalak egindako lehiaketa berak irabazi zuelako. Urtetik urtera indarra hartzen ari dira errioan antolatzen diren jarduera horiek eta gero eta jende gehiagok baliatzen ditu.

Begi Bistanek egiten duen jarduera-eskaintza edozeinek baliatzeko modukoa da, bai bertako herritarrek eta bai kanpotik datozkigun bisitariek.

Hiru dira aurten eskainiko dituen uretako jarduera nagusiak: ur topaketak, Oria ibaiaren jaitsiera piraguan eta ontzien alokairua.

Ur topaketak

Aurten eskainiko dira lehenbiziko aldiz. Udaleku gisako programa bat da, astebetekoa edo bi astekoa izan daitekeena. Aukera ematen du, hainbat egunetan, Arraunetxean eskaintzen diren uretako jarduera guztiak egiteko: piragua, big sup, jaitsiera, trainerua…

Bi asteko programak 99 euroko kostua du eta astebetekoak, berriz, 69 eurokoa.

Egun bakarrekoa ere izan daiteke: astelehenetik ostegunera, 20 eurotan; eta ostiralean, 30 eurotan.

Izena emateko, honako telefonora deitu behar da: 657 794 677

Oria ibaiaren jaitsiera piraguan

Iaz ere egin zen jarduera hau eta aurten indartu egin nahi du Begi Bistanek. Jarduera honetan errioaren jaitsiera egiten da piraguan, Txokoaldetik abiatu eta Arraunetxean bukatu. Normalean marea gora dagoenean egiten da, ura jaisten hasitakoan. Ibilbidean barrena, parte-hartzaileei azalpenak ematen zaizkie errio ertzean ikusten denari buruz: ontziolak, aluneak, garai bateko baleazaleen kontuak, merkataritza…

Jarduerak 25 euroko prezioa du pertsonako (6 urtetik beherako haurrek, doan).

Izena emateko, Begi Bistan enpresara deitu behar da: 657 794 677.

Ontzien alokairua

Ontziren bat alokatu nahi izanez gero, Arraunetxean aukera zabala dago: paddle surf egiteko taulak, paddle taula handia (7-10 lagunentzat), piraguak, 6-9 lagunentzako ontzi pneumatikoa, trainerua…

Ontziak alokatzeko ordutegia hau da: 10:00etatik 19:00etara.

Prezioak aldakorrak dira ontzi-motaren eta denboraren arabera (ikusi behean).

Ontzia alokatzeko edo informazio lortzeko, deitu Begi Bistaneko telefonora: 657 794 677

Begibistanalokairua17

 

Begibistanalokairua17-2