Jatorrizko hizkuntzen biziberritzeari buruzko mahai-ingurua antolatu dute Udalak eta Garabide elkarteak

Orioko Udalak eta Garabide elkarteak mahai-inguru bat antolatu dute Orioko Salatxo aretoan datorren azaroaren 17an, ostegunarekin, 19:00etan hasita.

Mahai-ingurua Udalak eta Garabide elkarteak sinatu zuten elkarlan-hitzarmenaren barruan antolatu dute, honako helburuarekin: oriotarrei beste hainbat hizkuntza minorizatutako komunitateek beren hizkuntza biziberritzeko egiten ari diren lana ezagutaraztea, eta esperientziak trukatzea.

Jatorrizko hizkuntzak biziberritzen

Orioko Udalak eta Garabide elkarteak hitzarmena sinatu zuten 2013an, elkarlana bideratzeko garapenaren eta hizkuntza normalizazioaren alorrean; eta hitzarmen horretako konpromisoen artean dago, aldian behin, horrelako ekitaldiak egitea herrian.

Garabide elkarteak urteak daramatza harremanetan Ameriketako eta munduko beste toki batzuetako jatorrizko hizkuntzen aldeko elkarteekin eta, elkarlan horren fruitu, hainbat aldiz antolatu du master bat, honako helburuarekin: euskara biziberritzeko Euskal Herrian azken hamarkadetan egin dugun bidea konpartitzea beste hizkuntza gutxiagotu batzuetako hiztunekin. Masterra hirugarren aldiz antolatu dute aurten eta mahai-inguruko partaideak master horretako ikasleak dira.

Hizlariak

Lau hizlari izango dira mahai-inguruan: alde batetik, Jon Sarasuak hitz egingo du, Garabideren izenean, elkartean egiten ari diren lana azaltzeko eta, bestetik, hiru hizkuntza minorizatuko hiztunak izango dira:

  • Elias Caurey, guarani hiztuna (Bolivia)
  • Jose Yañez, kitxua hiztuna (Ekuador)
  • Viviana Gonzalez, nasa hiztuna (Kolonbia)

Mahai-inguruan kontatuko dute beren hizkuntzaren egoera zein den eta hura biziberritzeko zer egiten ari diren; eta, bestetik, Euskal Herrian ikusi eta ikasi dutenetik zer gertatu zaien interesgarriena.