Internetean doan nabigatzeko aukera dauka edozeinek Konekta Zaitez autobusean jarritako ordenagailuak erabiliz. Autobusak 28 ordenagailu ditu erabiltzaileen eskura, satelite bidezko internet konexio azkarrarekin.
Eusko Jaurlaritzaren Konekta Zaitez
kanpainaren barruan, autobus ibiltari bat dabil herriz herri, teknologia berriak herritarrei hurbiltzeko helburuarekin. Ikasturtean zehar herri txikietan ibiltzen da autobusa bereziki, KZgunerik eskura ez daukaten herritarrei internet ezagutarazi nahian. Udaldian, berriz, kostako herriak bisitatzen ditu eta orain Oriori egokitu zaio txanda.
Autobusa Orion izango da, Ikastola aurreko plazan, hurrengo ostiralera arte; hau da, abuztuaren 13ra arte. Goizetan izango da zabalik, 10:00etatik 15:00etara bitartean eta ateak zabalik ditu guztientzat.
Adineko jendearengana iristea da programa honen helburuetako bat eta, beraz, arduradunek dei berezia egiten diete Orioko jubilatuei, ager daitezen, internet ezagutzera. Monitore bat etengabe izango da bertan, eskatzen duenari edozertan laguntzeko.