Korrontzi musika-taldeak eta Orioko Harribil dantza-taldeak ikuskizun bat prestatu dute, Karela kiroldegian emango dena datorren larunbatean, ekainak 11, 22:00etan hasita.
Emanaldia Harribil dantza-taldeak antolatu du, Udalaren laguntzarekin, eta sarrerak 5 euro balioko du, aldez aurretik erosita (egun berean erosiz gero, 8 euro izango dira). Sarrerak honako tokietan eros daitezke: kiroldegian, kultur etxean eta Gabon eta Kolon Txiki tabernetan.
Korrontzi eta Harribilez gain, Oinkari, Leturia eta Imanol Urkizu ere izango dira ikuskizuneko parte-hartzaileen artean.
Korrontzi taldea
Korrontzi folk taldea (Mungia, Euskal Herria, 2004) Agus Barandiaran trikitilariak sortu zuen Euskal Herriko musika tradizionalari eta herrikoari bultzada emateko. Antzinako doinuetan babestutako Euskal Herriko folk musikari gaurkotasuna erantsi dio Korrontzi taldeak, baina beti trikitiaren esparrua oinarri hartuta. Agus Barandiaranek Gipuzkoako trikiti tradizionalaren ildoak oso gustuko ditu baina Bizkaiko koplen soinuak etxetik ezagutzen ditu, bere familiaren tradiziotik. Hori da Korrontzi, gehienbat.
Korrontzi folk bandak tradizioari gaurko teknikarekin lagunduko dio haren alboan dituela beste musika tresnak (mandolina, baxua, perkusioa…).
Korrontzi taldeak baserritar trikitilari bati hartu zion izena bati. Korrontzi baserritarra igandero jaisten omen zen menditik asto gainean Mungiara piezak jotzera, txapela pasatu gabe hura bete egiten zuen jendeak utzitako diruarekin.
Dagoeneko bost CD grabatu ditu Korrontzi taldeak: Korrontzi (2006), Getxo (2008), Infernuko hauspoa (2010), Tradition 2.1 (2013) eta Symphonic Bilbon (2014).