Abenduaren 10ean hasi eta urtarrilaren 5era arte, dozenatik gora emanaldi eta jarduera antolatuko dira Orion. Udaleko Kultura sailak eta herriko eragileek prestatutako saioak izango dira, eta adin guztietako herritarrentzako eskaintza bermatuko dute.
Anuska Esnal Orioko alkateak, Xabi Ibarguren kultur zinegotziak eta Iker Apaolaza kultur teknikariak agerraldia egin dute gaur goizean, abenduak 10, datozen asteetako kultur programazioaren berri emateko. Udaleko Kultura sailaz harago, herriko eragileek, modu boluntarioan eta beren interesak kontuan hartuta, prestatutako egitaraua dela nabarmendu dute.
Herrian ohikoa denez, abenduko kultur agendak orotariko proposamenak ekarriko ditu gurera. Ekitaldien artean, Gabonei lotutakoak hainbat izango dira, tartean, Danbolin Musika Eskolaren Gabonetako emanaldia, Herribil ikuskizuna, haurrek irrikaz esperotako Mari Domingi eta Olentzeroren zein Erregeen etorrerak, eta etxeko txikienentzako puzgarriak.
Baina horiez gain, kirolari lotutako bi saio ere programatu dituzte: Talai Mendi elkarteak antolatutako Bideak (Aritz Ganboa, 2019) dokumentalaren proiekzioa, eta urte amaierako San Silvestre herri-lasterketa. Eta kultur emanaldien zerrenda ere oparoa izango da: Mugaldekoak eta Ibil Bedi taldeen kantaldiak, Goiko Gelaren gospel kontzertua, eta familientzako Zaborra antzezlana, besteak beste.
Hamazazpi zita ageri dira guztira abendu eta urtarrileko egutegian:
Abendua
Abenduaren 10ean, Jostailuen trukaketa (bilketa), 17:00etatik 19:00etara Salatxon. Herrio taldeak antolatua.
Abenduaren 10ean, Mugaldekoak taldearen kantaldia, 19:00etan Arraunetxen. Sarrera: 5€.
Abenduaren 11n, Jostailuen trukaketa (azoka), 10:30etik 14:00etara Salatxon. Herrio taldeak antolatua.
Abenduaren 13tik 23ra, Garabide elkartearen erakusketa kultur etxean: Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen
Abenduaren 13an, Miriam Mendoza ipuin-kontalaria, 18:00etan kultur etxean.
Abenduaren 17an, Bideak dokumentalaren proiekzioa, 19:00etan kultur etxean. Talai Mendi elkarteak antolatua.
Abenduaren 17an, Ibil Bediren kantaldia, 19:00etan Arraunetxen. Sarrera: 5€.
Abenduaren 18an, JOKAI. Euskal mitologiako jolasak eta tailerrak, 11:00etan udal-pilotalekuan.
Abenduaren 20an, Leire Zinkunegi ipuin-kontalaria, 17:30ean kultur etxean.
Abenduaren 23an, Danbolin Musika Eskolaren Gabonetako kontzertua, 18:00etan plazan.
Abenduaren 23an, Herribil ikuskizuna, 22:00etan Karela kiroldegian. Harribil dantza-taldeak antolatua.
Abenduaren 24an, Mari Domingi eta Olentzeroren kalejira, 18:15etik aurrera herriko kaleetan. Lera taldeak antolatua.
Abenduaren 26an, The Joselontxo’s txarangaren kalejira, 12:30etik aurrera herriko kaleetan.
Abenduaren 27an, Zaborra familientzako antzezlana, 18:00etan kultur etxean.
Abenduaren 28an, Goiko Gelaren gospel kontzertua, 19:00etan San Nikolas elizan.
Abenduaren 31n, San Silvestre lasterketa, 11:00etatik 13:00etara Ikastola aurreko plazatik abiatuta. Orioko Atletismo Taldeak antolatua. Izen-ematea: herrikrosa.eus.
Urtarrila
Urtarrilaren 3an eta 4an, Puzgarriak, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara Karela kiroldegian.
Urtarrilaren 5ean, Erregeen desfilea, 18:00etatik 21:00etara plazan eta Karela kiroldegian.