Apirilean eta maiatzean egin da aurten ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ programa.
Herritarrek euskarazko liburu gehiago irakurtzea bultzatzen du programak. Gaur egun euskaraz irakurtzeko aukera zabala dute bai haurrek eta bai helduek eta, kanpainaren bidez, oriotarrak bultzatu nahi ditu Udalak, euskarazko liburu horiek irakurri eta gozatzera.
Horrez gain, kanpainak beste bi helburu ere baditu: herritarrak udal liburutegira hurbiltzea eta herriko liburu-dendetan euskarazko liburuen kontsumoa sustatzea.
Aurtengo programaren azken egunak dira hauek. Liburutegitik erosketa-txekea jasotzeko azken eguna maiatzaren 31 izango da, datorren asteartea. Erosketa-txekea liburudendan erabiltzeko azken eguna, berriz, ekainaren 11 izango da.
Beraz, programaz baliatu nahi dutenek euskarazko liburuak irakurri, gozatu eta oparitzeko, oraintxe dute azken aukera parte hartzeko.
Hiru pauso, programan parte hartzeko: irakurri, gozatu eta oparitu
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira, programan parte hartzeko:
Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar duzu: izan daiteke haurrentzako liburu bat edota helduentzakoa.
Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko duzu ondoren: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duzun. Behin fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txeke bat emango dizu, %35eko deskontuarekin, Orioko liburu denda batean euskarazko liburu bat erosteko.
Oparitu. Azken pausoa erositako liburu hori oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo nork bere buruari.