Mikel Urdangarin abeslari zornotzarraren kantaldia izango da Orion azaroaren 14an, larunbatarekin. Kantaldia 22:00etan izango da, Karela kiroldegian.
Kantaldirako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 10 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 260 sarrera baizik ez daude saltzeko eta dagoeneko erosi daitezke kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.
Mikel Urdangarin, ibilbide luzeko kantaria
Mikel Urdangarin bizkaitarra da, Zornotzan jaioa, eta bertsolari gisa egin zen ezagun, kantari hasi aurretik. 1997an atera zuen lehenbiziko diskoa, Haitzetan izenekoa, eta geroztik musika-ibilbide luzea egin du, beti estilo intimistan eta gitarraz lagunduta. Ezaguna da, besteak beste, Kirmen Uribe poeta ondarrutarrarekin egindako elkarlan oparoa.
Urte hauetan guztietan disko, DVD eta zuzeneko emanaldi ugari egin ditu eta euskal kantagintzako ahots ezagunenetako bat bihurtu da. Iaz argitaratu zuen azken diskoa, Hotza da NY is cold izenekoa, Leonard Cohenen omenez egindako zuzeneko emanaldi baten grabazioa.