MINTZALAGUN programa abiatuko da Orion

Mintzalagun programaren bitartez, euskaldun berriei aukera emango zaie euskaldun zaharrekin harremanetan jartzeko eta euskara praktikatzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak AEKrekin elkarlanean jarriko du martxan Mintzalagun programa eskualdeko herri guztietan. Orion Udaleko Euskara Zerbitzuak bideratuko du programa.

Zer da MINTZALAGUN?

Askotan, euskara ikasten ari direnak arazoak izaten dituzte euskaraz hitz egiteko eguneroko bizitzan, inguru erdalduna dutelako edota ondoan dituzten euskaldunekin harremana erdaraz finkatua daukatelako. Mintzalagun programak harremanetan jartzen ditu euskara ikasten ari diren lagun horiek herriko euskaldun zaharrekin, elkarrekin euskaraz hitz egin dezaten eta ikasleen euskalduntze prozesuak erraztu eta indartu daitezen.

Mintzalagun programak bi parte hartzaile mota jartzen ditu harremanetan: euskara ikasleak, batetik, eta euskaldun berriei lagundu nahi dieten euskaldun zaharrak, bestetik. Bi, hiru edo lau laguneko taldeak egiten dira eta talde horiek astean behin biltzen dira, hizketan egiteko. Bilera guztiz informalak dira; jendea ez da juntatzen euskara-eskolak hartzera edo ematera, baizik eta lasai eta patxadaz hitz egitera. Biltzeko lekua, eguna eta ordua beren artean erabakiko dute: izan liteke kafetegi bat, parkea, kiroldegia…

Euskaldun zaharrak falta

Programa honen zutabeetako bat herriko euskaldun zaharrak dira. Udalak hainbat euskaldun zahar fitxatu nahi ditu, prest daudenak beren denboraren zati bat eskaintzeko euskaldun berriekin berriketan jarduteari. Ez da izan behar euskaldun alfabetatua edota ikasia; nahikoa da etxeko euskara egiten duen pertsona izatea. Eskatzen duen dedikazioa ere ez da oso handia: nahikoa da prest izatea astean ordubete eskaintzeko euskaldun berri batekin hitz egiteari.

Izena emateko

Interesa dutenek Mintzalagun programan parte hartzeko, Udaleko Euskara Zerbitzura jo behar dute otsailaren 13a baino lehenago eta bertan eman izena.