Asteburuan Orion jokatuko da Hondartzako Euskadiko Eskubaloi Txapelketa

 

Senior, jubenil eta kadete kategorietako Euskadiko Hondartzako Eskubaloi Txapelketaren bigarren edizioa jokatuko da asteburuan, uztailak 16 eta 17, Orioko Antilla hondartzan. Ekimena aurkezteko prentsaurrekoan hartu dute parte gaur goizean Anuska Esnal Orioko alkateak, Aitor Urbitarte Euskadiko Eskubaloi Federazioko kirol arduradunak eta Idoia Larrañaga Orio Eragin Eskubaloi taldeko presidenteak.

“Iazko edizioaren arrakastaren ondoren, aurten ere jarduera errepikatzeko gogoz ginen”, azaldu du Urbitartek. Osasun krisiari lotutako neurriek zaildu zuten orduko antolaketa, hondartzako eremuaren edukiera kontrolatu behar zelako, baina aurtengoan, eguraldiaren iragarpen onak hondartza beteko duela aurreikusi duten arren, jarduera guztien arteko elkarbizitza bermatuko dela ziurtatu du. Txapelketaren helburuak eskubaloia modalitate guztietan sustatzea, kluben arteko lankidetza indartzea, udako oporraldia eta kirol jarduera uztartzea, eta udalerrian eragin positiboa izango duten kirol ekimenak diseinatzea dira.

Esnalek, hain zuzen, eskubaloiak herrian izandako bilakaeran jarri du fokua: “Puntako kirolariak ditugu, tartean, Jon Azkue eta Libe Arruabarrena, eta herrian kirola zabaltzeko eta egonkortzeko egiten ari den lanaren emaitza dira”. Era berean, modalitate honetan punta-puntan dauden jokalariak herrian hartzeko aukera ohore bat dela azpimarratu du.

Txapelketaren xehetasunak

Larrañagak, bere aldetik, txapelketaren nondik norakoak azaldu ditu. Joko zelaiak hondartzaren goiko aldean jarriko dira, boleibol zelaia egoten den eremuan. Partidak larunbatean egun osoz, 10:00etatik 19:30era (bazkarirako etenarekin) eta igande goizean 9:00etatik 14:00etara jokatuko dira. Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorritako gizonezkoen eta emakumezkoen 24 talde federatu ariko dira lehian senior, jubenil eta kadete kategorietan. “Antolaketa-lan mardula da, baina atzetik dugun familien eta boluntarioen babesa ederra da, eta merezi du esfortzuak”.