‘Orio Mugiment’, gizarte aktiboago bat sortzeko ekimena

MUGIMENT Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen ekimen bat da, gizarte aktiboagoa sortzeko helburua duena. Ekimen horren barruan elkarrekin ari dira lanean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura, Enplegu eta Gizarte Politikak eta Osasun Sailak, herritarren jarduera fisikoa areagotu eta sedentarismoa murrizteko ahaleginean.

Ekimen zabal hori bultzatzeko, Orion ere lantalde bat sortu da hainbat eragileren artean: Udaleko Kirol batzordea, Gizarte-ongizate batzordea, Osakidetza eta Osasun Saila.

Lantaldeak dagoeneko antolatu ditu bere lehen bi jarduerak:

  • Igogailuaren partez eskailerak hartzea sustatzeko kanpaina.
  • Erorketak prebenitzeko tailerra.

Jarduera fisikoaren onurak

Europako Batzordeko Kontseiluak dio onura nabarmenak dakartzala bizitza osoan jarduera fisikoa egiteak, eta ezinbestekoa dela bizimodu osasungarria eramateko eta biztanleria aktibo osasuntsua izateko. Horrez gain, Europa 2020 Estrategiaren helburuak lortzen laguntzen du, batez ere hazkundeari, produktibitateari eta osasunari dagokienez. Horregatik, Osasunarentzat Onuragarria den Jarduera Fisikoaren alorrean politika eraginkorrak sustatzea gomendatzen du, eta arlo arteko planteamendu bati ekitea, kirola, osasuna, hezkuntza, ingurumena eta garraioa barne hartuz, jarduera fisikoari buruzko EBren irizpideei jarraikiz.

Eusko Jaurlaritzak garatutako 2013-2020 Osasun Planean 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategia eta Jarduera Fisikorako Euskal Planen harira dator Mugiment egitasmoa.

Hartu eskailera!

Ekimen hau Orion martxan jartzeko, bi jarduera antolatu ditu OrioMugiment lantaldeak.

Lehena, igogailuaren partez eskailerak hartzea sustatzeko kanpaina. Jarduera fisikoa egiteko aukera erraza da eskailerak hartzea, 5 aldiz kaloria gehiago erretzen dira, giharrak eta bihotza indartzen dira eta osteoporosia saihesten laguntzen du.

Herriko igogailu publiko guztietan pegatinak jarriko dira, jendea animatzeko eskailerak hartzera igogailua erabiltzeko partez.

Erorketak prebenitzeko tailerra

Bigarren ekintza erorketak prebenitzeko tailerra da. Zahartzaroan gertatzen diren istripuen %92a erorketak dira, eta gehienak etxean edo etxetik gertu gertatzen dira. Tailerraren helburua erorketak murriztea da. Tailerra martxoaren 16an egingo da Orioko Kultur Etxean, 17:00etan, eta bertan parte hartuko dute Osasun Saileko Natxo Garciak, Osakidetzako Gurutze Uriak, Borja Inza Fisioterapeutak eta Udaleko arduradunek. Tailer irekia da eta adin guztietako herritarrak daude gonbidatuta parte hartzera.