Maiatzaren 26an, asteazkenarekin, errioari buruzko hitzaldi-sortako bosgarren eta azken aurkezpena egin zuten Arraunetxen. Arturo Elosegi Ekologian katedradunak eta EHUko irakasleak errioaren bioaniztasuna izan zuen hizpide, eta itsasadarraren aberastasun naturala nabarmendu zuen.
Azken hamarkadetan kutsadura nabarmen murriztu da, baina ibaiaren goiko aldean dauden industriaguneek kalte izugarria egin diote Oriari urte luzez. Gaur egun ere, mehatxu ugariri aurre egin behar izaten dio errioak, eta espezie inbaditzaileek buruhauste franko eragiten dizkiete ekologistei. Klima-aldaketak, gainera, eragin handia izango du aurrerantzean, orain arte bizi gabeko egoerak sortuko dituelako.
Horrez gain, kulturaren eta naturaren arteko harremanaz mintzatu zen Elosegi: «Ez daude elkar kontrajarrita, batak besteak behar baitu». Eta, adibide gisa, angulen arrantzari egin zion erreferentzia, espezie preziatu hori desagertuko balitz, arrantza tradizionala ere hondoratuko litzatekeelako.
Saioaren bideoa hemen ikus dezakezue osorik.