Ruper Ordorika kantari oñatiarrak kantaldia emango du Orion abenduaren 12an, larunbatarekin. Kantaldia 19:00etan izango da, Karela kiroldegian.
Ikuskizunerako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 10 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 220 sarrera baizik ez daude saltzeko eta astelehen arratsaldetik aurrera erosi daitezke kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.
Ruper Ordorika & Mugalaris
Ruper Ordorikak ibilbide oso luzea egin du musikaren munduan, 1980an Hautsi da anphora diskoa kaleratu zuenetik, baina, hala ere, ez du inoiz Orion kantatu orain arte. Orioko kontzertuan Mugalaris taldeko lagunekin joko du: Arkaitz Miner (gitarra, biolina eta mandolina), Lutxo Neira (Baxua) eta Hasier Oleaga (Bateria).
Ruper Ordorika ahots bereziko kantaria da eta bere kantuek bi ezaugarri nagusi dituzte: batetik, garrantzi handia ematen die testuei, eta, bestetik, asko zaintzen ditu musika eta moldaketak. Disko ezagun haundiak osatu ditu bere kantuekin, eta baditu batzuk, baita ere, kantu zaharrekin eginak.
Ruper Ordorika maila gorenean dabil euskal musikan, dela berak idatzitako kantuekin, dela B. Atxaga edo J. Sarrionandiaren tankerako idazleen testuekin.