Udalak aldaketa bat onartu du aurten animaliei buruzko ordenantzan eta, horren arabera, txakurrek libre ibiltzeko aukera izango dute ordutegi eta toki jakinetan. Gainerako toki eta orduetan txakurrak lotuta eraman behar dituzte beren jabeek.
Txakurrak libre ibiltzeko toki eta orduak honako hauek dira:
- Diketik Ortzaika artean, neguan 18:30etik 10:00etara, eta udan 19:30etik 10:00etara.
- Anbulatoriotik hondartza artean, neguan 18:30etik 10:00etara, eta udan 19:30etik 10:00etara.
- Hondartzan, neguan 18:30etik 10:00etara; eta Aste Santutik urriaren 1a arte honako ordutegian bakarrik: 21:00etatik 06:00etara.
Edozein kasutan, libre ibiltzeko aukera izango dute, bakar-bakarrik, arriskutsu ez diren txakurrek eta erasoengatik aurrekari erregistraturik ez dutenek. Horiek beti lotuta joan behar dute.
Ordenantzak ezartzen dituen beste arau batzuk
- Debekatuta dago bide publikoan eta orubeetan hegazti, txakur, katu eta kaleko beste edozein animaliari janaria ematea «hartarako berariazko baimen gabe».
- Animaliak ezin izango dira balkoi, garaje, pabiloi, soto, azotea, lorategi edo horrelakoetan modu iraunkorrean lotuta eduki, eragozpenak sortzen badizkiete auzotarrei edo oinezkoei.
- Debekatuta dago animaliak libre uztea herritar ugari dabilen aire zabaleko espaziotan edo jendearentzat irekitako lokaletan. Are gutxiago arriskutsuak izan daitezkeenak.
- Kalean txakurrak kontrolatuta eraman behar dira, kate edo uhal bati lotuta (gehienez, 2 metrokoa).
- Arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak muturreko batekin eraman behar dira.
- Debekatuta dago txakur-kakak uztea bide publikoetan, hondartzan, haur parkeetan, lorategietan eta oro har, apaindurako eta/edo pertsonen pasadizorako den edozein lekutan.