Asteburuan jokatuko diren Orio Kanpina banderak aurkeztu ditu Udalak

 

Uztailaren 16an Orion jokatuko dira Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako bosgarren jardunaldiak, Orio Kanpina X. banderak. Eta uztailaren 17an ARC1 mailako aurtengo denboraldiko zazpigarren proba puntuagarria jokatuko da, Orio Kanpina IV. Bandera. Kirol probak aurkezteko agerraldia egin zuten atzo Anuska Esnal Orioko alkateak, Udaleko Kirol batzordeko kide diren Jose Angel Iparragirrek, Bittor Andresek, Jon Basurkok eta Ana Priedek, eta Iosu Esnaola Orio Arraun Elkarteko presidenteak, Orio Kanpinean.

Esnalek nabarmendu duenez, “ikusgarritasun handiko probak dira asteburukoak. Larunbatekoa hondartzan izango da, eta traineruak olatuak hartzen ikustea ederra izaten da”. Igandeko proba, aldiz, errioan egiteko erabakia hartu dute antolatzaileek: “2017an egin genuen errioan azkenekoz, eta ordutik hondartzan egin den arren, aurten bertara itzuli nahi izan dugu”, azaldu du Esnaolak. ARC1 mailako gazteek herritarren eta zaleen babesa sentitzea garrantzitsua dela azaldu du, “are gehiago, azken bi urte gogorren ondoren”.

Asteburuan Bisiguaren Festa, Karmengo Eguna eta Euskadiko Hondartzako Eskubaloi Txapelketa ere egingo dira herrian, eta ondorioz, herriguneko trafikoa moztuta egongo da ortiraleko 19:00etatik igandeko 20:30/21:00ak arte. Herriko sarrera-irteerak Txanka-Hondartzatik bideratuko ditu Udaltzaingoak. 

Larunbateko probak

Uztailaen 16an Orio Kanpina X. banderak jokatuko dira. Estropada-eremua iazko bera izango da: Orioko kanpoko barraren aurretik abiatu eta Mollarri aldera. Euskotren Ligako emakumezkoen proba 17:40ean abiatuko da, eta lau traineruk hartuko dute parte: Donostia Arraun Lagunak-ek, Nortindal Donostiarra Ur Kirolak 100 taldeak, Orio Orialkik eta Tolosaldea Arraun Klubak. 1,5 itsas-milia egin beharko dituzte, hau da, 2.778 metro, bi luzetan banatuta eta ziaboga bakarrarekin. 

Haien ostean, 18:13an, jokatuko da Eusko Label Ligako gizonezkoen proba.  Hiru itsas-milia edo 5.556 metroko distantzia egin beharko dute, lau luzetan banatuta eta hiru ziabogarekin. Hiru txandatan ariko dira: 

Lehen txanda, 18:13an:

  • CR Cabo da Cruz 
  • Ondarroa Cikautxo
  • CR Ares
  • Lekittarra Elecnor 

Bigarren txanda, 18:42an:

  • Itsasoko Ama Sotera 
  • Zierbena Bahías Bizk. 
  • Kaiku Berez Galanta
  • Getaria 

Hirugarren txanda, 19:11n:

  • Matrix Hondarribia 
  • Orio Orialki
  • Bermeo Urdaibai
  • Amenabar Donostiarra 

Esnaolak zehaztu duenez, aisialdi-gunea Ikastola aurreko plazan instalatuko da aurtengoan. Bertan, Eusko Labeleko produktuak jateko eta edateko aukera izango da eta, horrez gain, pantaila erraldoia jarriko da, estropada bertan ikusi ahal izateko. 

Igandean, ARC 1 mailako proba

Igandean, aldiz, ARC 1 mailako Orio Kanpina IV. bandera jokatuko da, 19:00etan hasita. Kale bakarrean, erlojupeko lau luze egin beharko ditu traineru bakoitzak, hiru ziabogarekin (5.556 metro). Hamabi trainera izango dira lehian, bi txandatan banatuta, eta Herriko Plazatik irtengo dira, Ortzaikaraino. “Gazteentzat oso garrantzitsua da zaleen beroa sentitzea, eta herritarrei eskatu nahi diegu bertaratu eta giroa sortu dezaten”, esan du Esnaolak.