Udalbatzarrak bat egin du Euskaraldiarekin eta «eredugarri» jokatzeko konpromisoa hartu du

Udalbatzarrak Euskaraldiaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen atzo, aho batez, eta bertan dio, besteak beste, «eredugarri» jokatzeko konpromisoa hartzen duela eta parte hartuko duela azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den hamabost eguneko ariketan. Horrez gain, herritarrak gonbidatu ditu Euskaraldian parte hartzera eta adierazi du Udalak ere, egun horietan, inoiz baino gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egingo duela euskaraz.

Honela dio udalbatzarrak onartutako adierazpenak:

EUSKARALDIA 2020 · ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Euskaraldiak indar eta ilusio kolektibo berri bat piztu zuen orain dela bi urte, euskararen biziberritzearen esparruan. Euskal Herriko 225.000 lagunek hartu zuten parte ariketan; Orion, 1.487 lagunek. Horrez gain, Udalak ere Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde-adierazpena onartu zuen, aho batez, 2018ko ekainaren 26ko udalbatzarrean.

Euskaraldiaren bigarren edizioaren atarian gaude eta Orioko Udaleko talde politikoek Udalaren parte hartzea bultzatu nahi dugu berriz ere. Udalak euskararen erabileraren eredu izan behar du herritarren aurrean eta, beraz, aurtengo Euskaraldiaren leloak dioen bezala, euskaraz INOIZ BAINO GEHIAGO, GEHIAGOREKIN ETA GEHIAGOTAN egingo dugu!

Euskaraldiaren bigarren aldi honek badu berritasunik. 2020an belarriprestei eta ahobiziei proposatuko die, 15 egunetan, beren egunerokoan egin dezaten ariketa. Baina, horrez gain, entitateek (erakunde, merkatari-ostalari, enpresa, elkarte…) euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun-taldeak identifikatu beharko dituzte: ariguneak. Horrela, taldean ere hizkuntza-ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko ariketa egin ahal izango dute.

Ariguneak dira euskaraz lasai aritzeko guneak, bertako kide guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu.

Euskaraldiaren xedeak bat datoz Orioko Udalaren helburu estrategikoekin: Euskaraldia tresna berritzailea da, lankidetzan oinarritua, herritarren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabileran urrats bat aurrera egiteko. Gainera, Udalaren hizkuntza-politika indartu eta sakontzeko aukera paregabea ematen digu Euskaraldiak, eta Udalak aukera horri erantzun nahi dio, eta bere aletxoa jarri, ekimenak arrakasta izan dezan.

Horrenbestez, Orioko Udalak hau adierazi nahi du:

  • Orioko udalbatzarrak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Erantzukizunez eta eredugarri jokatzeko konpromisoa hartzen du eta hamabost eguneko ariketa egingo du, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
  • Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta, bereziki, udal barrura begira ekimena zabaltzea.
  • Ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditugu, arduradun politikoak izan nahiz langileak izan.
  • Konpromisoa hartzen dugu kanpo- eta barne-ariguneak osatzeko, babesteko eta sustatzeko Udalaren barruan, hizkuntza-ohiturak finkatu eta egonkortzeko asmoz.
  • Neurriak hartuko ditugu hizkuntza-praktika horiek posible egiteko eta praktika horiei etorkizunean eusteko.
  • Orioko Udalak, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldian parte hartu dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu.
  • Geuk ere euskaraz egingo dugu, inoiz baino gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan!

Orion 2020ko irailaren 24an.